Aiako Testaje Zentroak online egingo du ganadu enkantea lehen aldiz

Karkara 2020ko api. 14a, 16:16

Apirilaren 17an, 18an eta 19an izango da enkantea eta, guztira, 38 zekor-idisko jarriko dituzte salgai: limusina arrazako 30, 2 txarolesa, 3 pirenaika eta 3 blonda.

Aiako Testaje Zentroak hiru hilabetetik behin antolatzen du Arraza Anitzeko Ganduen Enkantea. Hasieran batean, enkantea apirilaren 19an egitea zen Aiako Testaje Zentroaren asmoa, baina COVID-19 gaitzak sortutako krisiak bete-betean harrapatu du hitzordua, eta erabaki dute enkantea online egitea apirilaren 17, 18 eta 19an.

Guztira 38 zekor-idisko jarriko dituzte salgai: limusina arrazako 30, 2 txarolesa, 3 pirenaika eta 3 blonda. Hala, haragitarako idisko ugaltzaileen irteerako prezioa 1.600 eurokoa izango da; ugalketarako idisko gazteena 2.200 eurokoa; eta ugalketarako promesa idiskoena 1.900 eurokoa. Online egiten den lehen enkantea izango da, eta Aiako Testaje Zentroaren webgunearen bitartez egingo da. Eskaintzak egiteko epea apirilaren 17ko 17:00etatik apirilaren 19ko 14:00etara izango da, eta erosleek klik bakoitzeko beren eskaintza ehun euro igotzeko aukera izango dute. Behin enkantea amaitzen denean, mezua bidaliko zaie parte hartu ohi duten ganaduzaleei, zekor-idiskorik eskuratu gabe geratu direnek azken aukera izan dezaten

Salmentarako ganaduaren katalogoa testaje zentroaren webgunean dago ikusgai, Idiskoen salmenta atalean. Katalogo horretan, zekor-idisko bakoitzaren argazkia eta informazio-fitxa topa daiteke, eta bertan genealogia, sarrerako errendimendua eta amaierako balorazioa zehazten dira.  

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!