PAPEREKOA

Errotaetxeko Ebaristo Arruti sendalaria

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Iturain 2020ko mai. 7a, 09:51

Iñaki Iturainek Ebaristo Arruti sendalaria izan du hizpide, KARKARA aldizkariko Oroimenaren Kutxa atalean.

2020. urteak bizitza osoan ezagutu dugun krisi sanitario eta sozialik handiena ekarri digu udaberriaren etorrerarekin batera, bizimoduan guztioi eragin diguna. Aiako eta Orioko zaharrek 1936ko gerraren garaitik hona ez dute ezagutu horrelako gizarte-astindurik sekula. Eta denok sendagintzari begira jarri gara. Azken asteotan gauza asko ikasi dugu. "Bizitzan hiru gauza dira inportanteak” zioen aspaldiko kantu ezagunak: “osasuna, dirua eta maitasuna”. Birusaren pandemiak erakutsita, orain badakigu osasuna dela lehenengoa, eta, ondorioz, zer nolako garrantzia duten gizartean osasunaz arduratzen diren sistema, erakunde eta pertsonek.

Osasungintza asko aldatu da urte gutxian. Gaur egun, osasun etxea dugu Orion eta Aian, anbulatorioa. Medikuak han artatzen ditu herritarrak; eta gauza larri samarra denean, berehala ospitalera jotzen dugu denok. Haurrak ospitalean jaiotzen dira; gaixoak hil ere han hiltzen dira. Baina orain dela urte gutxi arte, umeak etxean jaiotzen ziren, herriko medikuak eta emaginak lagunduta; eta zaharrak hil ere bai, etxean. Sendagileek etxean zuten kontsulta, eta etxez etxe eta baserriz baserri ibiltzen ziren.Medikua prestigio handikoa izan da herri txikietan. Donesaten zitzaien, apaizei bezala, eta euskaldunak ziren kasuetan, berorika hitz egiten zien jendeak. Orion gogoan ditugu garai bateko don Ramon Perez-Agote, don Jose Lacadena eta don Antonio Bellido medikuak eta Antonio Bailyn praktikantea, denak gizonezkoak. Orain gauzak aldatu dira ederki: lau mediku ari dira lanean Orioko anbulatorioan. Haietako hiru, emakumezkoak: Goretti Aranburu, Gurutze Uria eta Eli Ganzarain. Hirurokin batera dihardu Iñaki Ruiz pediatrak. Aiako medikua Rosa Corral errioxarra da, eta praktikantea Arantxa Etxeberria usurbildarra. Profesional horiek arduratzen dira aiarren eta oriotarren osasunaz. Horiek jaso dituzte herritarron txaloak, beren lanaren esker onez.

Gizarteak bat egin du, birusaren aurrean
Larrialdi honetan denok saiatu gara osasunaren ardura bizkar gainean hartzen, gertukoak zaintzen. Ikasi dugu osotasunean zaindu behar dugula osasuna, gorputzarena eta gogoarena, osatzea osotzea dela; eta ikasi dugu arima zaintzeko edertasunak eta umoreak ere asko balio dutela. Etxeko itxialditik kalera irteteko, etxeko balkoitik izan ditugu harremanak, hitzaren esanahirik zabalenean, gauza asko hartu eta eman dugu: elkartasuna adierazi, protesta egin, eskerrak eman..., txalotuz, kantatuz, irrintzia botaz... KARKARA orainkariak, Etxetik Mundura programaren bidez, etxeraino ekarri dizkigu herriko artisten abesti eta bertsoak. Whatsapp bidez, nahiz eta txarretik ere asko ibili den, barre asko egin diogu birus ditxosoari eta hark guztioi ekarri digun egoera harrigarriari, txiste, ateraldi eta ziri sartzeen bidez, umorea eta sentimendua erabiliz.

Horretan artista genuen Lazkao Txiki bertsolaria. Egañak honela kantatu zion Joxe Mieli 1993an, Lazkao Txiki ospitalean gaixo, oso larri zela: “... umorea da zu esperantzan mantentzen zaitun indarra, ta esperantza da gu umoretsu mantentzen gaitun bakarra”; eta beste batean: “... ta maitasunak egin dezala medikuntzak ezin duna

Medikuntzak ezin baitu dena, eta batzuek bestelako bideak ere baliatzen dituzte arazoen aurrean. Garai batean, egoera larrietan askok agindua egiten zioten Jaungoikoari, onik ateraz gero betetzeko. 1952an, Virgen Carmeli baporea hondoratuta, handik bizirik justu-justu atera zen Jose Irastorza, Itxaspe-k, Oriotik Arantzazura oinez eta oinutsik joango zela agindu zion. Ana Mari Azpiroz gure ama zenak ere oinutsik igo zuen Oñatitik Arantzazurako bidea, ni hartu ninduen gaitz arraro batetik sendatu nintzenean.

Medikuntza ofizialetik kanpo ere, bada jendea osasunaren gaineko jakinduria pilatu duena, belaunaldiz belaunaldi, arbasoengandik jasoa, batez ere landareen ahalmenetan oinarritua. Horrelako gizon bat izan zen Aian: Ebaristo Arruti. Jose Mari Lertxundi bertsolari eta idazle aiarrak esanda dakigu berak istripua izan zuela 1942an, 9 urte zituela, eta besoan zauri larriak. Besoa infektatuta, gaiztotu egin zitzaion, eta anaia Andres Ebaristorengana joan zen laguntza eske. Honek Lertxundiren Argin baserrira jo, haurraren besoa haztatu eta enplasto bat egiteko errezeta idatzi zion. Enplastoa egiteko belarrak non bilatu ere esan zion Andresi: Agorregiko erreka ondoan. Hark orbaindu eta sendatu zion besoa Jose Mariri. Honek oraindik gogoan du zer belar ziren: lore horiko zolda belar txikia. Lertxundik pasadizoa gogoan, Arrutiren bizitzaren gaineko artikulua idatzi zuen.

Errotaetxeko sendalaria
Ebaristo Arruti Aginagan jaio zen 1876an. Gaztetxoa zela, familia osoa Aiako Landarbide Behekoa baserrira aldatu zen. Joxe Agustin anai zaharrena ezkondu zenean, Ebaristok utzi egin behar izan zuen Landarbide. Errotaetxe baserrira jo zuen. Han Erramuna Arruti alargundu berriarekin ezkondu eta bertan igaro zuen bizitza osoa, 1956an 80 urterekin hil zen arte.

Ebaristok sendagintzarako joera zuen. Ikasketarik gabea izan arren, bazekien zer belar klase behar zen ukenduak egin eta haien bidez zenbait gaitz sendatzeko. Orduan umeei ez zitzaien txertorik jartzen, eta azaleko gaitzak gaiztotuz gero (erlakiztenak, sarna, zauriak...), haiek sendatu ezinik ibiltzen ziren sendagileak. Horrelakoetan, jendeak petrikiloengana jotzen zuen laguntza bila, batez ere baserritarrak.

Arrutik fama handia hartu zuen Aia eta Orio inguruan. Etxe gehienetan dirua urri izaten zen eta berak, errukituta, ez zien ezer hartzen; gehienez ere, lanerako laguntza belar ontzeko garaian, auzolanean.Behin, mutiko baserritar bat ondoezik zebilen, antraxek jota. Zarauzko mediku Ebaristo Uranga saiatu zen sendatzen, baina ezin. Egunak pasa, eta mutila gero eta okerrago. Ama, larrituta, eta medikuak hala esan zion: “Aian bada mirariak egiten omen dituen bat, ni bezala Ebaristo, zoaz harengana". Egun hartan bertan eraman zuten mutikoa Errotaetxera. “Gazte, lo asko egin gabeko gauak pasatuta egongo zera, baina lasai, sendatuko zera eta”. Mutikoari belarrekin egindako ukenduak eta enplastuak jarri eta mutila zortzigarren egunerako sendatu zen. Horrelako asko egin zituen Ebaristok bere bizitza luzean.

Sendalariari oroitarri bat jarri zioten Errotaetxen, baserriaren aurreko paretan: Ainbeste on egin zigun gizonari esker ona agertu nai diogunok”.“Ni medikuntzatik bizi naiz, baina medikuntza biziz”; horixe esaten omen zuen Ebaristo Uranga sendagileak, Anjel Lertxundi idazleak Zu nobelan dioenez.

Zarauzko kale batek sendagilearen izena dauka. Beste batek, harekin emagin lanetan ibilitako Maria Eizagirre, Etxetxiki-rena. Nire hitz hauek denak, iluntzeko zortzietako balkoiko txaloak bezala, garai beltz honetan beren onena besteen osasuna zaintzen eman duten guztientzat dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!