11 suite, hamaika salaketa

Gorka Peñagarikano / ARGIA 2020ko mai. 11a, 09:09

Zarauzko EAJko zinegotzi baten familiak Aiako naturgune babestuan eraikitako etxe puskak bost urte beteko ditu ikerketapean aurten. Legea interpretatzen dihardutenak ez dira ados jartzen, eta epailez, instrukzioz eta dena delakoz aldatuta ere, bakoitzak bere etxean jarraitzen du deklaraziorik egin gabe. Azkenekoz, abenduan artxibatu zuen kasua hirugarren epaile batek behin-behinean, aurreko epaileak egindako hanka-sartzeak behartuta. Kasua zertan den errepasatuko dugu.

Playa de moda zioen Zarauzko (Gipuzkoa) herrian turismoa sustatzeko 1929 urtean eginiko kartel batek. “Kantauri itsasoko zabalena”, irakur zitekeen behekaldean. Luxua aipatzen zen orduan ere. Zarauzko hondartza bezain zabala da etxebizitzek osatzen duten lehen lerroa, asko eta asko turisten alokairura bideratuak, kokaleku ederrean eraikiak. Badirudi jada lehen lerro horrek ez duela gizakia asetzen; bada itsasoaren gainean, ziurrenik herriak duen begiralekurik ederrenean, beretzat lekua hartu nahi izan duenik ere. Urteetako soka luzea ekarri du, ordea, Talaimendi magalean, naturgune babestuan, eraikitako etxe edo eraikinak. Urtez urte, epaitegiz epaitegi eta epailez epaile, gogor tenkatu den soka luzea. Hura askatzea eta kontua argitzea zinez korapilatsua egiten ari zaio salaketa ipini zuen Gipuzkoako Aire Kirol Federazioari.

Aia herriaren lurretan da Amezti baserria, Zarautz eta Orio banatzen dituen mendi edo muinoan. Baserriak urte asko zeraman abandonaturik, eta 2010 urtean, baserriaren jabe den Garrastazu familiak Aiako Udalari hura eraberritzeko lizentzia eskatu zion. Bi urte geroago beste lizentzia baten eskaera egin zuten, beste eraikin bat egin ahal izateko leku berean. Bi lizentziak onetsi zituen Aiako udal gobernuak (Igor Iturain zen alkate; EAJ), nahiz eta ondoren frogatu –eta udalak onartu– proiektuak ez zuela udalaren urbanizazio legea betetzen. Jabeek ez zuten baserria eraberritzeko edota eraisteko proiekturik aurkeztu; eraikin berriarena soilik aurkeztu zen.

Ibilbide judizial luzea izaten ari da kasua, gaur egun lau ikerketa daude irekita

Inguruetako herritarrek estimuan duten naturgunea da aipagai duguna, oinezko, bizikleta zale edota parapentean aritzen direnak ez dira gutxi izaten. Azken hauek gaur egun eraikina dagoen gunea baliatu izan dute euren jarduna praktikatzeko azken 30 urteetan. Otsailetik ekainera izan ezik urte osorako baimenduta zuten, izan ere, tarte horretan falco peregrinus belatz espezie babestuak habitatzeko eta ugaltzeko erabiltzen du gunea.

Etxearen eraikuntza prozesuaz aurrez jakitun eta kexu izanda ere, parapente zaleek 2015eko maiatzean sorpresa eraman zuten eraikinaren ingurua guztiz hesituta, eta hesia eraikinetik oso urrun, aurkitu baitzuten. Leku publikoa pribatizatu izana salatu zuten sare sozialetan. Aranzadi Zientzia Elkartea ere hesituraren aurka azaldu zen, eta Gipuzkoako Aire Kirol Federazioak salaketa jarri zuen epaitegietan.

Artikulua irakurtzen jarraitzeko, egin klik hemen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!