"Itxialdian Aristerrazuko giroari bizi-bizirik eustea lortu dugu Aristerrazu Zuzenean ekimenarekin"

Ainara Saizar aiarrak eta Alaitz Roteta zarauztarrak erromeria eskainiko dute igandean, 19:00etan hasita, Aristerrazu Zuzenean ekimenaren barruan.

AINARA SAIZAR - Panderojolea

Aristerrazu Zuzenean ekimenean parte hartuko duzu Alaitz Rotetarekin batera. Nola sortu zen ideia?
Igandero jendetza joaten Aristerrazura erromeriaz gozatzera, eta jakin bagenekien jende askok falta botako zuela hitzordua. Elizagoien ahizpek sortu zuten Aristerrazu Zuzenean ekimena, eta gainontzeko trikitilariok lekukoa hartu dugu. Herri batetik bestera mugitu ezin dugunez, trikitilariontzat ez da erraza gure betiko bikoteekin jotzea; nire soinujolea esaterako, azkoitiarra da. Horregatik, Aristerrazu Zuzenean ekimenean ezohiko bikoteak parte hartzen ari gara. Facebook orrian deialdia egin zuten, eta Alaitz Rotetak proposatu zidan elkarrekin parte hartzea.

Garrantzitsua al da zuretzat Aristerrazu Zuzenean ekimenean jotzea?
Bai noski. Aristerrazu plaza oso garrantzitsua da trikitilariontzat, bertan ez du edonork jotzen, eta publikoa ere oso zorrotza da. Gainera, ekimen berriarekin lortu dugu itxialdian Aristerrazuko giroari bizi-bizirik eustea.

Nolakoa izango da saioa?
Saioa zuzenekoa izango da, igandean, 19:00etan hasita. Aristerrazu Zuzenean Facebook eta Instagram kontuen bidez eskainiko da. Ordubeteko saioa aurreikusi dugu, eta 15 pieza joko ditugu. Trikitixa gustatzen zaien herritarrak animatu nahi ditut Facebook eta Instagram bidez saioa jarraitzera, igande arratsalde atsegin bat pasatzeko aukera ezinhobea izango da eta.

Zuentzat arraroa izango da pantaila batean aurrean jotzea, publikoaren erantzuna zein den jakin gabe, ezta?
Elizagoien ahizpek eman zuten lehen saioan jendetza konektatu zen erromeria zuzenean ikusteko asmoz. Arrakasta handia izaten ari da ordutik, eta badakigu jendea dantzan aritzen dela bere etxean. Hala ere, guretzat arraroa izango da, ez dugulako jakingo zenbat jende dagoen entzuten. Gainera, berez Alaitzek eta nik ez dugunez trikitilari bikotea osatzen, guretzat ere berezia izango da elkarrekin jotzea. Arratsalde polita pasatzea da gure asmoa, herritarrak saioa jarraitzen ari diren gehiegi pentsatu gabe.

Elkarrekin entseatu al duzue?
Alaitz Roteta ni baino zortzi urte nagusiagoa da, eta erreferentetzat izan dut beti. Ni gaztea nintzenean txapelketetan ibilbidea egina zuen dagoeneko, eta badakit zein abesti jotzen dituen bere panderojolearekin, eta ezagutzen ditut kantuak. Beraz, ez dugu gehiegi entseatu beharrik izan. Gainera, oso lagun onak gara, eta gustura nago Aristerrazu Zuzenean ekimenean elkarrekin jotzeko aukera izango dugulako.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!