Egitarau berezia prestatu du astebururako Iturraran Parketxeak, Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren harira

Naturaz gozatzeko zein kultur ondarea ezagutzeko aukera paregabea izango da asteburu honetan Pagoeta Natur Parkean.

Aste honetan ireki dute Iturraran Parketxea, eta ekainaren 5ean, ostiralean, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izango dela aprobetxatuz, egitarau berezia antolatu dute astebururako. Hala, naturaz gozatzeko zein kultur ondarea ezagutzeko aukera paregabea izango da asteburu honetan Pagoeta Natur Parkean.

Ekainaren 6rako, larunbaterako, bi jarduera prestatu dituzte. Alde batetik,  Galdutako Erlearen orientazio jolasa egingo dute goizean zehar. 10:00-10:30ak bitartean emango diote hasiera ekimenari, eta bi ordutan ibilbidea osatzea espero dute antolatzaileek. Ondoren, eguraldiak laguntzen badu, erlauntzen irekiera egingo dute. Ekimenean parte hartzeko helduek 6 euro ordaindu beharko dituzte, eta haurrek 4 euro. Iluntzean, berriz, Igeldoko Arrano Etxean sendatutako urubiak askatuko dituzte, 21:30ean hasita. Jarduerak horrek 3 euroko prezioa izango du.

Igandean, Agorregiko burdinola eta errotak martxan ikusteko aukera izango da Pagoeta Natur Parkean. 11:30etik 12:40era egingo dute bisita gidatua, eta doakoa izango da. Dena dela, bertan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar dela jakinarazi dute Iturraran Parketxeko arduradunek. Horrez gain, erletegira bisita gidatua ere antolatu dute egun horretarako. 13:00etan izango da saioa, eta bertan erleen sekretuak ezagutzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Jarduera horren prezioa 3,5 eurokoa izango da helduentzat, eta 2,5 eurokoa haurrentzat.

Jarduerak talde txikitan
Jarduera horiek guztiek zailtasunik ez dutela eta herritar guztientzat egokiak direla nabarmendu dute Iturraran Parketxeko kideek, baita bereziki familiei zuzenduak daudela ere. Dena dela, nahitaezkoa izango da aurrez izena ematea, talde txikitan egingo direlako. Izan ere, COVID-19 birusa kutsatzeko arriskua ekiditeko prebentzio-neurriak hartuko dira jardueretan.

Informazio gehiago jaso edo izena eman nahi dutenek, 943 83 53 89 telefono zenbakira dei egin edota iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi dezakete.

Erlazionatuak

Agorregiko burdinola eta errota, patxadan ikusteko

Aia

Eskualdeko txoko ederrenak bisitatzeko eta bertako irudi eta soinuak patxadan etxetik gozatzeko aukera eskaintzen ari da Urolako Komunikazio Taldea...

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!