Pagoeta Natur Parkera gerturatu dira herritarrak asteburuan, eguraldi ona aprobetxatuz

Karkara 2020ko eka. 14a, 17:04
Giro ederra izan zuten 'Laurgaingo Txutu Mutxuak' bisita gidatuan. (Iturraran parketxea)

Normaltasun berrian COVID-19 gaitzarekin ez kutsatzeko babes neurriak hartu behar badira ere, herritarrak hasi dira lehen egiten zituzten aisialdirako jarduerak berreskuratzen.

Konfinamenduaren ondoren, pixkanaka bere onera bueltatzen ari da gizartea, eta normaltasun berrian COVID-19arekin ez kutsatzeko babes neurriak hartu behar badira ere, herritarrak hasi dira lehen egiten zituzten aisialdirako jarduerak berreskuratzen. Asteburuan esaterako, eguraldi ona lagun, jende dezente bildu da Aiako Pagoeta Natur Parkean. Iturraran parketxeak irteera gidatuak antolatzen ditu, eta pixkanaka jendea parte hartzera animatzen ari dela azaldu dute parkeko arduradunek. "Atzo esaterako, Laurgaingo Txutxu Mutxuak izeneko bisita gidatua egin genuen, Laurgaingo istorio zaharrak ezagutzeko, eta 20 lagunek parte hartu zuten. COVID-19arengandik babesteko neurriek diote bisita gidatuetan ezin ditugula bildu 20 lagun baino gehiago, beraz, atzokoan taldea osatu genuen". Bisitan parte hartu zuten herritarren jatorriaz galdetuta, Euskal Herri osotik bertaratu zirela azaldu dute. "Bizkaitik, Arabatik eta Gipuzkoako hainbat herritatik etorri ziren irteerara, tartean baita aiarrak ere".

Gaur, berriz, Agorregiko burdinola eta errotak jarri dituzten martxan, eta 50 lagun inguru bildu direla adierazi dute. "Taldetan banatuta ikusi ditugu burdinola eta errotak eta giro ederra izan da. Egia esan, eguraldiak eragin zuzena du parte-hartzean, eta gaurkoan eguraldi polita argitu duenez, jende dezente ibili da Pagoeta Natur Parkean. Irteeretan ez ezik, lorategi botanikoan barrena paseatzera animatu dira bisitari asko". 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!