Ostiral arratsaldean irekiko ditu ateak Aiako igerileku eraberrituak

Karkara 2020ko uzt. 2a, 12:30
Igerilekuko lanak aurreratuta daude, eta larunbatean irekiko ditu ateak Aiako igerileku berrituak.

Guztira, 459 lagun bildu daitezke igerilekuko gune osoan; 93 lagun igerileku handian eta 59 txikian.

Ostiral arratsaldean, 15:00etan irekiko dute Aiako igerileku eraberritua, eta 19:30ean pintxo-potearekin emango diote hasiera aurtengo denboraldiari. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren aginduak jarraituta, edukiera %60koa izango dela zehaztu dute Aiako Udaletik. Hala, gehienez 459 lagun bildu daitezke igerilekuko gune osoan; 93 lagun igerileku handian eta 59 txikian.

Normaltasun berrian, hainbat babes neurri jarraitu behar direnez, igerilekura iritsitakoan bertako erabilera, sarbide eta edukiera baldintzen inguruan informatzeko eskatu die udalak herritarrei. Izan ere, igerilekua erabiltzeko arauak eta gomendioak erabiltzea, eta ematen diren gomendioak errespetatzea oso garrantzitsua dela azpimarratu dute.

Egunerokoan herritarrek hartzen dituzten babes neurriez gain, beste hainbat neurri espezifiko ere bete beharko dira igerilekuan.

Alde batetik, uretan nahiz berdegunean, gutxienez metro eta erdiko distantzia gorde beharko dute elkarren artean bizikide ez diren herritarrek. Toallak eta bestelako objektu pertsonalak partekatzea debekatuta egongo da, etxera iritsitakoan toallak eta bainujantziak ondo garbitzea aholkatu dute.

Bestetik, hamaka eta etzaulkiak norberak eraman beharko ditu etxetik, eta ez dituzte igerilekuan gordeko. Gainera, ur ertzetik igerilekura salto ez egiteko eta baloiak eta puzgarriak ez erabiltzeko eskatu dute.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!