Aiako musika eta kirol jardueretan izena emateko epea ireki dute

Aiako Udalak antolatzen dituen ikastaro eta jardueretan hobariak izango dituzte behar bereziak dituzten familiek.

Aiako Udalak jakinarazi du hilaren 19ra arte irekita izango dela datorren ikasturteko musika eta kirol jardueretan izena emateko epea. Musika arloan, pandero, gitarra, trikitixa eta piano ikastaroak eskainiko dituzte, eta kirol eskaintza, berriz, helduen pilates saioek eta zumbak, judoak eta yogak osatuko dute.

Aiako Udalak ikusgai jarri ditu ikastaroen hileko tarifak bere webgunean, baina, azaldu dute hobariak ere izango direla behar bereziak dituzten familientzat. Hala, familia bateko hiru kidek edozein jardueretan parte hartu nahi badute, hileko kuotan %10ko deskontua izango dute. Bestalde, langabezia egoeran egonda, prestaziorik jasotzen ez duten familiek ez dute fidantzarik aurkeztu beharko, eta hileko kuotan %50eko deskontua izango dute.

Uztailaren 19ra bitartean egongo da zabalik izena emateko epea, eta ikastaroren batean jende gehiegi biltzen bada, iaz aritutakoek lehentasuna izango dutela azaldu dute Aiako Udaletik. Horrez gain, herritarren batek beste ikastaroren bat antolatzeko interesa izango balu, proposamena egitera animatu du udalak. "Izena ematerakoan proposatu dezake, eta taldea osatzen bada aurrera egin dezake jarduerak", adierazi dute udaletik.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 36 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!