Goizean goizetik ari dira botoa ematen aiarrak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko uzt. 12a, 10:50

Gaurkoak hauteskunde bereziak izango dira, ezohiko segurtasun neurriak bete behar direlako hauteslekuetan. Dena dela, hautes-mahaiak ireki dituztenetik aiarrak fin-fin ari dira arauak betetzen.

Goiza ilun argitu badu ere, aiarrak ari dira pixkanaka hauteslekura iristen. Asko kotxez ailegatu dira, herriko hainbat auzotatik datozelako, eta herrigunean bizi direnak, berriz, oinez. Aian, esaterako, normala izaten da, jendea biltzea mezaren aurretik eta ondoren, eta gaur ere hori gertatu da, herritar dezente bildu baita eskola zaharrean igandeko meza nagusia hasi aurretik. Gaurkoak gainera, hauteskunde bereziak izango dira, koronabirusak eragindako egoerarengatik, ezohiko babes eta segurtasun neurriak hartzen ari direlako hauteslekuetan. Botoa emateko orduan maskara erabiltzea, tartea zaintzea eta eskuak garbitzea izango dira betebeharreko neurri nagusiak. Gainera, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak aholkatu du botoa etxetik prestatuta eramatea.

Aiarrak fin-fin ari dira arauak betetzen. Hauteslekuaren sarreran eskuak garbitu behar dituzte, eta maskara jantzita sartu behar dute; dena dela, maskara eramatea ahaztu zaienentzat ere jarri dituzte batzuk eskuragarri. Behin eskola zaharraren barruan, ilaran itxaron behar dut segurtasun tartea errespetatuz, eta banan-banan sartu behar dute aretora botoa ematera.

Hala, herritarrek boza emateko aukera izango dute iluntzeko 20:00ak arte. Hautesle-erroldaren arabera, Aian 1.505 lagun daude deituta botoa ematera, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, guztira, 1.718.323 herritarrek izango dute boto eskubidea.

Gaurkoan, Gipuzkoan hamalau hautagai zerrenda aurkeztu dituzte igandeko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako: EAJ, EH Bildu, PP-Ciudadanos, PSE-EE, Elkarrekin Podemos-IU, Pacma, Recortes Cero-Grupo Verde, Bidezko Mundurantz, Euskadiren Aldeko Libreak, Equo Berdeak, Aulki Zuriak, Vox, UCDE eta Alderdi Libertarioa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!