"Teknologia berriek erraztu dituzte gure eguneroko laneko zenbait zeregin"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2020ko ira. 21a, 18:57

Hogeita hamar urte beteko ditu Joxe Martin Errezabalek (Aia, 1962) Gipuzkoako Foru Aldundiaren ganadutegian lanean. Altzolan egin zituen lehen urratsak, eta gaur egun, baserritarren eta ganaduzaleen artean ikusmina sortzen duten Ibarrola Goikoa testaje zentroko idiskoak zaintzen ditu.

Zer egiten duzue Ibarrola Goikoa testaje zentroan?
Haragi sektoreko arrazak hobetzeko testaje zentroa da Ibarrola Goikoa, eta hona ekartzen dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako idiskorik onenak, arraza mantentzeko eta hobetzeko helburuarekin. Dena dela, ez dituzte onartzen ekartzen dituzten idisko guztiak, aukeraketa bat egiten baita: hankak behar bezala ez dituztenak edo izaera txarra dutenak, esaterako, baztertu egiten dira. Onenak aukeratzen dituzte, eta guk zaindu egiten ditugu. Normalean 8-10 hilabete artean dituztenean ekartzen dituzte, eta 14-16 hilabeterekin eramaten dituzte. Egunean bi kilo inguru irabazten dituzte, eta enkantean saltzen direnean idisko ikusgarriak izaten dira.

Horrez gain, hemendik gertu Betizu arraza bizirik mantentzeko haztegia ere badugu. Bi zentroak Gipuzkoako Foru Aldundiarenak dira, eta horietan biltzen den ganadua zaintzea da nire lana.

Enkanteak ere egiten dituzue.
Urtean lau enkante egiten ditugu: urtarrilean, apirilean, uztailean eta urrian. Euskal Herriko eta Espainiako ganaduzaleak eta enpresariak etortzen dira enkantera, batzuk erostera eta beste batzuk zer ganadu dugun ikustera. Dena dela, tristeena udako enkantea izaten da, Espainia hegoaldetik etortzen diren ganaduzaleek ez dituztelako animaliak erosi nahi izaten, bidean beroarekin asko sufritzen dutelako.

Enkanteak egiten direnean hemen izaten gara gu ere, ikusten ez den lana egiten. Izan ere, abereak enkantera atera baino lehen, parte hartzaileei zerrenda bat pasatzen zaie, salduko diren abereen ezaugarriak zehaztuz, eta zerrendako ordenaren arabera egiten da enkantea. Horregatik, egun horretan abereak manejatzen ibili behar izaten dugu ukuiluetan, dena behar bezala atera dadin. Oraingoz, ez dugu inoiz deskuidurik izan.

Nola sortu zitzaizun testaje zentroan lan egiteko aukera?
Altzola auzokoa naiz jaiotzez. Gaztea nintzenean hainbat lan egin nituen; eraikuntzan ere aritu nintzen, eta, langabezian geratu nintzen batean, kamioiko gidabaimena atera nuen. Segituan, ordea, Altzolan dagoen esnetako behien ganadutegian lana eskaini zidaten, eta garraiolari lana gustatzen ez zitzaidanez, bertan hasi nintzen lanean. Azaroan 30 urte beteko dira Altzolan lan horretan hasi nintzela.

Aurretik ganaduarekin lanean jardundakoa al zinen?
Jaio nintzenetik ezagutzen dut baserriko lana, eta beti gustatu izan zait, gainera. Badira hamar urte, udan hilabete oporrak hartu beharrean, lanaldi erdian bi hilabete egiten ditudala. Batzuei ergelkeria iruditzen zaie, baina nik gustuko dut nire lana, eta inora joan behar ez dudanez, nahiago dut bi hilabetez lasaiago lan egin.

Hiru hamarkadetan aurrerapen teknologiko handiak izan dira. Asko aldatu al da zure lana urte horietan guztietan?
Hasiera horretan esku-lana gehiago egiten genuen, eta orain teknologia berriek erraztu egin dituzte hainbat zeregin. Lehen, esaterako, azpiak palarekin garbitzen genituen; orain, ordea, traktore bidez egiten dugu lan bera. Bestetik, ganaduari janaria emateko sistema ere aldatu egin da. Gaur egun, abere bakoitzak txipa duen lepokoa izaten du, eta horren bidez kontrolatzen da jaten duena. Adibidez, behi batek hamar kilo jan behar baditu, sistemak bi kilotik bi kilora ematen dio jaten, dena batera irentsi ez dezan. Ordenadore bidez kontrolatuta dago baserriko lana ere.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!