Ondo heldutakoa eta oparoa, mahatsaren aurtengo uzta

IƱigo Gaiton 2020ko urr. 2a, 15:29

Ohi baino hamar bat egun lehenago jaso dute mahatsa inguruko upategietan. Aiako Arbela Txakolina upategikoen arabera, mahastien zainketa errazagoa izan da aurten klima lehorragatik, eta itxura polita du aurtengo txakolinak.

Aiako Santiago Erreka auzoko etxeak atzean utzi, Aristerrazu aldera segi, eta, ezkerraldera, bide mehe bezain pikean ondo gora joanda dago Arbela Txakolina upategia. Itsas mailatik berrehun bat metrora dauden sailak lantzen hasi zirenean, 2011.urtean, arbel klaseko harri asko topatu zuten lurpean, eta hortik atera zuten izena jabeek. Egutera-eguteran jarrita dituzten mahastietan, azkenetan da aurtengo mahats bilketa. 

Uzta oparoa aurten
Ramon Errasti da upategiko arduradunetako bat. Haren esanetan, mahats bilketa urteko momentu berezienetakoa izaten da ardogileentzat. Egunotan bukatuko dute aurtengoa. «Urte guztian, fase bakoitzak izaten du bere zera, baina bai, iraileko eta urriko egun hauek bereziak dira», azaldu du. Hilabete luzez itxaron ondoren, mimo eta kontu handiarekin zaindutako sailen fruitua iristen zaie eskuetara asteotan, eta, berehala, txakolin berriari tankera hartzen hasten dira.

Aurten, mahats bilketa nahikoa garaiz egin da; ohi baino hamar edo hamabost egun lehenago bai, Maitena Barrero upategiko enologoaren hitzetan: «Udaberria aurreratu egin zen, eta euri gutxi izan genuen hilabete haietan. Hori dela eta, mahastien zainketa errazagoa izan da, eta kantitatez ere iaz baino gehiago jaso dugu». 

Zaporeari dagokionez, mahatsak «kontzentrazio aromatiko ona, altua ekarri du, eta heldutasunera ondo iristeko denbora eman dio», azaldu du Barrerok. Hori dela eta, txakolin berriak zapore polita izatea espero dute.

Egindako kalkuluen arabera, aurten 50.000 kilo mahats bilduko dituzte guztira, mahastiak dituzten bost hektarea eta erdian. «Hektarea bat da, gutxi gorabehera, futbol zelai baten azalera», zehaztu du Errastik. Ondo hesituta dituzte terreno guztiak, inguruan ibiltzen diren basurde eta orkatzengandik babesteko. 

Hezetasun handia udan
Lurra jasaten ari den beroketa efektua dela eta, ardogileen artean kezka eragiten hasi da klima aldaketaren afera. Ikusteko dago tenperaturaren igoerak mahatsari nola eragingo dion epe ertainean .
Eskuartean duten aurtengo mahats berrira itzulita, Barrerok uda batetik bestera handiagoa den hezetasunari egin dio erreferentzia, hemengo klima gero eta tropikalagoari. «Azken urteetan ikusi denez, uda garaian gero eta hezetasun handiagoa izaten da gu bizi garen tokian, joera hori garbi antzeman dugu». 

Joera horren ondorioz, mahastiak zaurgarriagoak dira gaitzen aurrean. «Zaintza gehiago eskatzen du horrek, tratamendua. Sarriago aireratu behar izaten dira mahatsondoak, eta sailetako gune batzuetan sortzen diren mikroklimak saihesten saiatzen gara. Bestalde, lora garaian eurite gehiago izaten denez, horrek uzta gutxitzeko arriskua areagotzen du». 

Etorkinak eskulanean
Arbela upategiko mahastietan, beste askotan gertatzen den modura, etorkinak dira bilketan ari diren gehienak. «Garai batean, etxekoen eta ingurukoen indarretik tiratzen zen mahats bilketa egiteko, baina hori aldatzen joan da. Gure kasuan, lanean ari diren denak senegaldarrak dira. Hamabost bat laguneko taldea ibili da mahatsa biltzen», dio Errastik. 

Ardogilearen hitzetan, denak kontratupean ari dira lanean: «Paper eta kontratu guztiak legearen barruan eginak dituzte. Horrez gain, osasun krisia dela eta , guztiei egin zitzaien PCR proba kanpaina hasi aurretik». 

Moussa Diop
Mahatsondoari pega-pega eginda, Moussa Diop da eskulanean ari den langileetako bat. Ordizian bizi da Diop, gainontzeko langile ia denak bezala. «Harreman oso ona dugu gure artean, familia moduko bat gara. Batzuk, hemengo lana bukatutakoan, Jaenera joango dira olibak biltzera, eta segidan Lleidara, frutaren kanpainara», azaldu du. 

Ez da bere kasua. «Zorionez, hemen bestelako lanak egiteko ere aukera izaten dut. Ahalegina ere egiten dut horretarako. Euskara ikasten ari naiz AEKn, besteak beste, lan munduan ateak irekiko dizkidan esperantzarekin», adierazi du baikor. 

Mahastia bizi
Aia eta Hernio aldera begira jarrita, Errastik nabarmendu du mahatsari emanda bizi direla upategian urte osoan lan egiten duten lauzpabost lagunak. «Ardo on bat egiten saiatzea proiektu pertsonala da, barru-barrutik bizitzen den zerbait. Mahastia maitatzen eta defendatzen duzu, zurea sentitzen duzulako, asko ematen diozulako egunez egun», dio pentsakor. «Zure txakolinari izaera propioa ematen saiatzen zara, bereizgarria den zerbait. Gure kasuan, lurpean arbela izanik, mineral puntua duela esango nuke, eta txinpartaduna dela ere bai». 

Baserriko lanarekin konparatu du eguneroko martxa. «Hemen, nahi izanez gero, beti izaten da lana. Orduak eta orduak egiten ditugu urte osoan zehar. Mahastien zainketa izango da, ziurrenik, denbora eta arreta gehien eskatzen duen zeregina, baina bestelako lanak ere ezinbestekoak dira: ardoa egiteko prozesua bera, zanpatzen den momentutik botilan sartzeraino, eta, gero, komertzializazio guztia», dio Errastik. 

Txakolinaren goraldia
Eskualdeko mendi magaletara begiratuta, bistakoa da mahasti kopuruak azken hamar urteetan izandako hazkundea: lehen 245 sail zeuden eta orain 400, Getariako Txakolina jatorrizko deituraren barruan. Errastiren arabera, «jendeak estimua dion edaria» da, eta merkeena ez bada ere, saldu egiten da. 
«Osasun krisiagatik, aurtengo salmentak motelago joan dira, baina, gu produktore txikiak izanik, konforme gaude urteak eman duenarekin», agurtu da. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!