"Gizontasun eredu berrien aldeko aldarria egiten da ikuskizunean"

IƱigo Gaiton 2020ko urr. 16a, 10:19

Larunbatean ‘Erik eta Win’ ikuskizuna egingo dute Aian. Antzerkiaz, musikaz, bertsoez eta poesiaz gozatzeko aukera izango da probalekuan, 22:30ean hasiko den emanaldian.

AITOR ATXEGA - ‘Buhameak’ taldeko partaidea

Zer ikusiko du publikoak larunbateko emanaldian?
Erik eta Win ikuskizunak antzerkia, musika, bertsoak eta poesia uztartzen ditu, eta nahikoa ikuskizun osoa dela esango nuke. Diziplina bakoitzari arreta handia eskaini diogu sorkuntza prozesuan, eta amaierako emaitzan ondo eusten diote elkarri.
Edukiari dagokionez, gai intimo eta goxoak jorratzen dira; ez dugu inor saltoka jarriko, baina mezu eta esaldi zuzenak ere badirela azpimarratu behar da. Nolabait, umorea erabiltzen dugu gai serioen inguruan hitz egiteko.

Bi bertsolariren arteko harremanaren eboluzioa kontatzen da obran. Halakoetan, zaila al da topikoetan hanka ez sartzea?
Sorkuntza lan bat plazaratzen duzunean, zaila da ezer berria eskaintzea; are zailagoa, egia bakar edo potoloak botatzera joaten bazara. Alde horretatik, Erik eta Win ikuskizunean ez dugu ezer berririk asmatu. Bizipen errealekin osatu da gidoia, lehenengo pertsonan bizitako esperientziekin.
Bi pertsonen arteko ohiko gorabeherak kontatzen saiatu gara, eta gustatuko litzaiguke publikoa identifikatuta sentitzea ikusten dituen gauzekin. Azken finean, eguneroko bizitzako ñabardurekin osatu da lana.

Kritika soziala eta umorea dira ikuskizunaren bi oinarriak. Nola mantendu oreka?
Ez da erraza izaten. Asier Sota antzerki zuzendariaren lana ezinbestekoa izan da lan horretan. Izan ere, lanak bien arteko oreka polita duela iruditzen zait.

Gizonezkoren bat deseroso sentitu al daiteke obra ikustean?
Deseroso, ez dut uste. Harrituta, agian bai. Gu mugitzen garen zirkuituko gizonak nahikoa irekiak direla iruditzen zait, eta ez dut uste inor mintzera iritsiko garenik. Beharbada, Erik eta Win edadeko jendeak ikusiko balu, harrituko litzateke pasarte batzuetan, baina, ziurrenik, zati horiek barre erreza eginaraziko lieke. Hala ere, tira, egin da saiakera bat gizonezkoa ikustera ohituta ez gauden roletan jartzeko, eta horrek sortu dezake ezusteko erreakzioren bat zenbaitengan.

Zer harrera izan du ikuskizunak orain arteko emanaldietan?
Oso ona. Sarreren salmenta aldetik, ondo joan da, eta emanaldien ostean bildutako inpresioak ere oso onak izan dira. Aurreko obra ikusi zutenek, Ez gara palestinaz ari, esan digute  koska bat gora egin dugula, eta hori, hein handian, Asier Sota antzerki zuzendariaren ekarpenari esker izan dela iruditzen zait. Egin ditugun emanaldietan, jendea bukaerara arte egon izan da, eta feedback gozoak jaso ditugu. 
Plazan bestelakoak ere probatutakoak ere bagarenez, hau egitea plazera da.

Zer da obrak egin nahi duen ekarpen nagusia?
Nolabait, ispilu izan nahi du ikusikizunak, ikusleei gizontasuna bizitzeko era asko daudela adierazten saiatzeko. Gizontasun eredu berri bat aldarrikatu nahi dugu lan honekin, inongo motxilarik, arrastorik edo dogmarik gabea. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!