Ainhoa Goenagak 'Uraren Azalean' egitasmoa abiatu du

Gorka Eizagirre eta Mireia Galarza 2020ko urr. 23a, 13:06

Berrogeialdiari zukua atera zion Ainhoa Goenaga sortzaileak; izan ere, Uraren Azalean egitasmoko lehen saioa emango du bihar, 10:30ean Zarauzko Artezaleaken. Aiarrak parte hartzera animatu ditu herritarrak.

Ingurumen kontzientziari buruz hausnartzeko, Ainhoa Goenaga (Aia, 1992) sortzaileak Uraren Azalean egitasmoa martxan jarri zuen berrogeialdian zehar. Goenagaren arabera, Zarautz berezko uren arteko "topagune naturala" da, besteak beste, hondartzak, errekak edo lurrazpiko akuiferoak elkartzen baitira bertan. Haren helburua da naturaren eta artearen arteko harremanak bilatzea, eta, horregatik, Igerain errekari erreparatuko dio biharko tailerrean.

Egitasmoko lehen topaketa eta ibilaldia egingo dituzte bihar, 10:30ean Artezaleaketik abiatuta, Arkamurka natura taldearekin batera. Bertan, erreken ibilguak espazio duinak izatearen garrantziaz hitz egingo. dute, esaterako. Horregatik, Goenagak herritarrak animatu nahi ditu saioan parte hartzera, "esperientzia berri bat" bizitzeko aukera "paregabea" eskaintzen baitu, haren ustez.

Tailerrak ere bai

Alabaina, egitasmoa ez da ibilbidearekin amaituko. Urriaren 30ean eta 31n eta azaroaren 6an eta 7an, inspirazio afrikarreko buztingintzan sakonduko dute Kwandolowa tailerraren bidez, eta eskuzko eraikuntza teknikak, azaleko adierazpenak eta akabera naturalak landuko dituzte bertan. Bestalde, azaroaren 13an eta 14an, Koinobori tailerra egingo dute. Bertan, aldiz, arrain itxurako haize mahukak egingo dituzte.

Goenagak dioenez, jarduera guztiak adin guztietako herritarrei zuzenduta daude, eta ez daukate zertan eskulanetan "onak" izan beharrik. Aldi berean, Koinobori tailerrerako koloretako oihalak ekartzea gomendatu du. Kwandolowa tailerrerako 60 euroko ekarpena egin beharko dute parte hartzaileek, eta Koinoborirako, aldiz, 30 eurokoa. Hala ere, Goenagak dio ez duela nahi dirua "oztopo" izatea, eta norbaitek ezin badu ordaindu, parte hartu dezakeela "beraiei laguntza ematearen truke".

Aipatutako ekintzetan izena eman nahi dutenek, 615 71 82 03 telefonora deitu edo honako helbidera idatzi beharko dute: urarenazalean@gmail.com.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!