Nerea Amilibia: "Betirako begiak itxi arte lehiakor izaten jarraituko dut"

Imanol Garcia Landa/Gipuzkoako Hitza 2020ko abe. 4a, 09:19

Korrikalari aiarrak gustuko du mendian lasterka egitea, eta gorputzak eusten dion arte jarraitzeko asmoa du: "Nire adinarekin oso indartsu sentitzen naiz oraindik". Mendian asfaltoan baino gutxiago sufritzen dela dio.

Jaiotzez aiarra, Nerea Amilibia (1971) Zizurkilen bizi izan zen 29 urtez, eta azken bost urteotan Zarautz du bizileku. Hogei urte daramatza mendian lasterka eginez, eta, oraingoz, ez du gelditzeko batere asmorik.

Nola hasi zinen mendian korrika?

Zarauzko lagun batzuekin hasi nintzen, orain hogei bat urte. Haiek beti mendi aldera joaten ziren, eta ni behean geratzen nintzen. Ni mendira ez nintzela joango esaten nuen, baina, azkenean, bakarrik aspertzen hasi nintzen, eta pixkanaka beraiekin joatea erabaki nuen. Lehian hasi nintzen gero, eta oso gustura nabil.

Mendira joatea gustatzen zitzaizun, baina ez korrika egiteko.

Pentsatzen nuen oso gogorra izango zela, baina justu kontrakoa da. Asfaltoa ere probatu dut, eta ez naiz esprint indartsukoa, diesela naiz, korrika orduak eta orduak egiten dituena. Uste dut gehiago sufritzen dela asfaltoko lasterketa batean mendiko batean baino; oraintxe oinez zoaz, oraintxe korrika, alor asko pasatzen dituzu mendi lasterketa batean. Pixkanaka hasi nintzen, gustatu egin zitzaidan, eta gaur arte. Hogei urte pasatu dira, eta hemen jarraitzen dugu oraindik.

Aurretik kirolik egiten al zenuen?

Ez. Alaba izan nuen eta asko gizendu nintzen. Orain baino 20 kilo gehiago pisatzen nuen, 70 kilo izateraino, eta neure buruari esaten nion zerbait egin beharra neukala. Horrela hasi nintzen, oso pixkanaka. Hastea izaten da zailena; gero ikusiko dugu noiz geratzen garen. Gorputzak agintzen du, eta ahal dudan arte jarraituko dut.

Datorren urtean, 50 urte beteko dituzu, baina ez diozu eperik jartzen zeure buruari, ezta?

Daukadan adinerako, oso indartsu sentitzen naiz oraindik, oso indartsu ikusten dut neure gorputza, eta ahal dudan arte segitzeko asmoa dut. Lasterketa luzeetara pasatzen dira batzuk, baina nik ez daukat horretarako asmorik. Maratoia izaten da nire probarik luzeena, eta uste dut distantzia hori niretzako ederra dela. Oso pozik nabil horrela. Loteria eskatzen dugu, baina osasuna baino loteria handiagorik ez dago.

Zer du mendiak zu horrela harrapatzeko?

Zoragarria da. Sufritu egiten da, baina ez da asfaltoan bezalako sufrimendua. Gutxiago sufritzen da mendian; lehen esan bezala, korrika zoaz oraintxe, oinez oraintxe, eta errekuperatzeko aukera gehiago ematen du horrek. Nire ustez, asfaltoak ez du errekuperatzeko denborarik ematen.

Inguru aproposak dituzu mendian korrika egiteko?

Toki zoragarriak dauzkagu hemen: Zumaia aldera, Getaria aldera, Pagoeta aldera ere bai… Hemen edozein mendi koskorrek oso ibilbide politak ditu. Oso gustura nago hemengo parajeekin.

Euskal Herrian ez dago sekulako mendi alturik, baina aldapak bai, nahi adina.

Erritmo onean ibiltzen bazara, ederki berotuko zara hemengo mendiak igotzen ere.

Nola moldatzen zara entrenatzeko? Azken finean, zuretzat afizioa da mendi lasterketena.

Neure kasa moldatzen naiz; sekula ez dut entrenatzailerik izan. Batek esaten dizu gaur serieak egin behar direla, besteak serie motzak egin behar direla… Ia egunero entrenatzen naiz. Jai egiten badut, miraria izaten da; agian, egun gehiago egin beharko nituzke jai, baina ondo sentitzen naiz, indartsu ikusten dut neure burua, eta ondo erantzuten dit gorputzak. Horregatik esaten diot neure buruari ahal dudanera arte jarraituko dudala.

Nolakoa izaten da zure asteko errutina?

Mendi aldera joaten naiz normalean; asteburuetan bai, behintzat. Tarteka, oso goiz entrenatzen dudanez eta ilun egoten denez, behean geratzen naiz. Baina argitzen duenean, Urteta aldera-edo joaten naiz, beti goraka. Aurten, gainera, arrazoi gehiagorekin, musukoa ez erabiltzearren.

Irakurri elkarrizketa osoa.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!