Erronka hasita, Aiatik igaro da Mikel Lizarralde

Julene Frantzesena 2021ko urt. 16a, 15:32

Esklerosi anizkoitza du eibartarrak, eta gaitzaren ikerketarako dirua biltzeko Gipuzkoako 89 herri lotzen ari da bizikletaz. Hiruzpalau astean bukatuko du erronka; Urola Kostako herrietatik igaro da dagoeneko.

2018an esklerosi anizkoitza diagnostikatu zioten Mikel Lizarralde eibartarrari, eta erronka bidez ari da erantzuten gaitzari. Izan ere, gaitzaren alde dirua biltzeko, Gipuzkoako 89 herri bizikletaz ari da lotzen Codesyntax enpresako marketin arduraduna. Asteartean eta ostegunean Urola Kostako herrietan izan zen, eta herri batera iristen den aldiro egiten duen moduan, argazkia atera zituen horietan.

Orotara 600 bat kilometro egingo ditu, “bideaz gozatuz eta presarik gabe”, eta Gipuzkoako herri guztiak hiruzpalau astetan zeharkatzea aurreikusten du eibartarrak. Bildutako dirua Biodonostiari emango dio, esklerosi anizkoitzaren alde lanean jarrai dezan. Lizarralderen erronkaren gaineko informazio guztia haren Twitterreko @macmikel kontuan eskura daiteke, baita Bizi.eus webgunean ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!