2.518.367 euroko aurrekontua izango du Aiako Udalak 2021ean

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko ots. 3a, 10:52
Aiako herrigunea. Artxiboko argazkia.

Gizarte ongizate arloa, herriaren garapena eta inbertsio publikoa lehenetsi ditu udal gobernuak. EH Bilduk proposamenaren aurka bozkatu du, elkarlanik izan ez dela argudiatuta.

Aiako Udalak 2021erako udal aurrekontuak onartu zituen joan den ostegunean, eta Nekane Arrizabalaga alkateak jakinarazi zuen 2.518.367 eurokoa izango dela aurtengo aurrekontua. Udal gobernuak aurkeztutako proposamenak EAJ taldearen sei aldeko boto izan zituen, baina aurka bozkatu zuten EH Bildu udal taldeko ordezkariek, "elkarlanerako aukerarik izan ez" dutela iritzita.

Nekane Arrizabalaga alkatearen esanetan, Aiako Udalarentzat "estrategikoak" diren hiru lan ildo garatzea izango dute helburu aurtengo aurrekontuek: "Herritarren babesa eta ongizatea bermatzea, garapen ekonomikoa nahiz enpleguaren sustapena eta Aiako Udalak 2019-2023 agintaldirako zehaztutako lerro estrategikoen zein proiektuen oinarriak jartzea eta garatzea". 

Udalbatzarrean, Aiako alkateak nabarmendu zuen "urte zaila" izan dela 2020a, eta 2021a "hobetzen joango bada ere, bide beretik hasi" dela: "Horren aurrean herritarren beharrei erantzuten jarraitu behar dugu, inoiz baino gehiago. Izurritea gure egunerokoan sartu zenetik, bi premisa nagusiren gainean egin dugu lan: herritarrak babestea nahiz beren ongizatea bermatzea eta sektore guztietako ehun ekonomikoa sustatzea. Horretarako, 2021erako aurrekontu aurrerakoiak onartu ditugu. Gure inbertsio eta proiektu plangintza bere horretan mantentzetik harago, areagotu egingo dugu", adierazi zuen Aiako alkateak.

Partida nagusiak
Nekane Arrizabalagaren esanetan, inoizko aurrekonturik "sozialenak" dira aurtengoak: "223.811,28 euro bideratuko dira egoera zaurgarrian daude herritarrak babestera, hala nola etxez etxeko laguntza indartuz eta egoera zaurgarrian dauden familien laguntzak bultzatuz edota esku hartzeak mantenduz. Inork ezin du atzean geratu; aiar guztiok elkarrekin egin behar dugu aurrera", azaldu du Arrizabalagak prentsa ohar bidez. Horretarako, honako partida hauek jaso dituzte: etxez etxeko laguntza zerbitzua indartu dute 70.000 eurorekin; familiei laguntzeko partida handitu dute, eta 15.000 eurokoa izango da; Ospitaletxeko zerbitzua bermatzeko, 35.0000 euroko inbertsioa egingo dute; egoitzetara 9.300 euro bideratuko dituzte, eta kooperaziorako laguntzetara, berriz, 7.000 euro.

Inbertsioen atalean, Lardizabal eremua izango da udalak garatu nahi duen proiektu nagusia. Hainbat fasetan egitea aurreikusi dute: 2021eko lehen hiruhilekoan, aparkalekua berritu eta Armendi Gain eremua eta eskola lotzen dituen ibilbidea egingo dituzte. Gainera, herriko haurrek eta gaztetxoek proposatu zuten skate parkea ere egin nahi du udalak aurten, eta horretarako, 30.000 euroko partida jaso dute. Gainera, 10.000 euro bideratuko dituzte helduentzako kirolgunean hobekuntzak egitera. 

Bestalde, berrikuntza gisa, Aiako Udalak egutegia adostu du Gipuzkoako Herri Kirolen Federazioarekin, eta arlo horretako hainbat ekintza egingo dituzte urtean zehar; 80.000 euroko partida jaso dute horretarako.

EH Bilduren ezezkoa
EH Bilduko zinegotzi Gontzal Aldaik hartu zuen hitza udalbatzarrean, eta aurrekontuen aurka zergatik bozkatu zuten azaldu zuen hark: "Pena handiz eman diegu ezezkoa aurtengo aurrekontuei. Aurrekontu egokiak iruditzen zaizkigu, baina ez da elkarlanik egon gure artean. Azaroan hasi ginen zuekin aurrekontuak landu nahian, baina ez dugu lortu. Aiar guztiok osatzen dugu herria, eta guk ere parte hartu nahi dugu aurrekontuak osatzerakoan, Aia elkarrekin eraiki ahal izateko".

Aiako alkateak erantzun zion bi taldeetako «bozeramaileak biltzeko dinamika» hartu dutela. Ondoren, prentsa ohar bidez jakinarazi du, ordea, EAJk ere "elkarlana areagotu nahi" duela 2021ari begira. 

AIAKO UDAL AURREKONTUAK
Partidak atalez atal
- Hirigintza. 662.746,74 euro. 
- Gizarte Zerbitzuak. 223.811,28 euro.
- Hezkuntza. 257.714,07 euro. 
- Kultura eta euskara. 290.270,64 euro.
- Kirola. 149.455,3 euro. 
- Landa garapena. 80.402 euro
- Merkataritza. 30.002 euro. 
- Turismoa. 56.610,95 euro 
Inbertsio nagusiak
- Lardizabal eremua eraberritzeko lehen fasea. Aparkalekua berritu eta Armendi Gainera doan ibilbidea egingo dute: 138.000 euro. 
- Haurrek eskatutako skate parkea egiteko. 
30.000 euro.
- Probalekuko berogailu sistema. 30.00 euro
- Helduentzat kirolgunean hobekuntzak egiteko. 10.000 euro. 
- Baserri bideak konpontzea. 70.000 euro.
- Auzoen beharrak asetzeko inbertsioak. 15.000 euro.
Gizarte ongizate arloa
- Etxez etxeko laguntza zerbitzua. 70.000 euro. 
- Ospitaletxeko zerbitzua. 35.000 euro.
- Merkataritzan eta beste sektoreetan COVID-19ari aurre egiteko dirulaguntza lerroa sortuko du udalak. 10.000 euro.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!