Aiako Udalak espaloi bidez lotu ditu Aurizenea kalea eta Argimuño auzoa

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ots. 28a, 10:15
(Aiako Udala)

Oinezkoen bidea luzatu eta egurrezko baranda batek inguratutako hormigoizko espaloi bat eraiki dute. Obra horren bidez, "herrigunea eta Argimuño are gehiago lotzea" eta "oinezkoen mugikortasuna hobetzea" izan da udalaren asmoa, baina baita "segurtasuna hobetzea" ere. Horretarako, LED argiteria jarri dute bide osoan zehar.

Maria Aurizenea kalearen eta Argimuño auzoaren arteko oinezkoen bidea luzatu du Aiako Udalak. Udalak azaldu duenez, orain arte, "etxebizitzak eraikita dauden gunera arte soilik" heltzen zen oinezkoentzako espaloia, eta bidea "ireki" dute orain. Iazko irailean ekin zioten obrari, eta aste honetan amaitu dituzte lanak.

Esku-hartze horren bidez, "irisgarritasuna eta oinezkoentzako mugikortasuna hobetzea" izan da udalaren helburu nagusia, modu horretan, "herrigunea eta Argimuño auzoa are gehiago lotu" ahal izateko. Bide osoan zehar LED argiteria jarrita "segurtasuna hobetzea" ere bilatu du udalak.

Nekane Arrizabalaga alkateak azaldu du, bestalde, "obren eragina ahalik eta txikiena" izan zedin ahalegindu direla, "ahal zen neurrian, zeuden espaloiak, galtzadak eta azpiegiturak mantentzeko".

105.516 euroko aurrekontua

Hormigoizkoa da eraiki duten espaloi berria eta, udalaren esanetan, "labaintzeak ekidin nahi izan dira material horrekin". Egurrezko baranda batek inguratzen du espaloi guztia, eta bide-harri bat ere egin dute. Bestalde, euri uren eta ur zikinen sarea mantendu badute ere, berritu egin dituzte arekak.

Argiteriari dagokionez, LED sistemadun zazpi argi jarri dituzte bidean. "Argiteria
mota horrek %86tik gorako eraginkortasun energetikoa bermatzen du eta, aldi berean, argiteriaren kalitatea hobetu herritarrei begira, eta kutsadura luminikoa gutxitu", esan du udalak.

Guztira 105.516 euroko aurrekontua izan da obra guztia egiteko. Hain zuzen, udalak 93.086,30 euro bideratu ditu espaloia sortzeko, eta 12.430 euro argiteria berria jartzeko.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!