Positibo bat zenbatu dute Aian, azken orduetan

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko mar. 11a, 13:47

Azken astean Aian atzeman duten bigarren kasua da atzokoa.

Asteak aurrera egin ahala, gora egin dute positibo berriek eskualdean. Positibo bakar batzuk soilik atzeman zituzten astearen hasieran Urola Kostan, baina atzo 18 kasu berri zenbatu zituzten, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera. Horietako bat Aian atzeman dute. Aiaren kasuan, azken astean detektatutako bigarren kasua da atzokoa – astelehenean hauteman zuten bestea–; 100ekoa da intzidentzia tasa herri horretan.

Eskualdean hautemandako kasuen erdia, bederatzi, Zarautzen atzeman zituzten, eta gora egin du herri horretako 100.000 biztanleko 14 eguneko tasak: 149,91koa da gaur gaurkoz, baina eremu horian jarraitzen du.

Zarautzen bezala, Azpeitian ere gora egin du kutsatu kopuruak, eta atzo zazpi kasu berri hauteman zituztela adierazi du Osakidetzak. Hala, intzidentzia tasa 203,68koa da.

Aian bezala, Azkoitian ere kasu bakarra atzeman dute, eta asteburuan zenbatu zituzten beste bi kasurekin, astebetean herri horretan izan duten hirugarrena da, baina egoera epidemiologikoa ona da Azkoitian, bost mila biztanletik gorako herrien artean eskualdeko intzidentzia tasarik txikiena baitu, 66,76koa, hain zuzen ere .

Datuak lurraldeka

Atzokoan 9.560 proba diagnostiko egin zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak, eta denera 414 positibo atzeman zituzten. Horietako 201 Bizkaian zenbatu zituzten, 58 Araban, 106 Gipuzkoan eta 47 Nafarroan. Lurralde horietatik kanpo bizi diren beste lau lagunek ere eman zuten positibo. Gaur gaurkoz, %4,3koa da positibotasun tasa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %4,32koa Nafarroan. 

Ospitaleetako egoera hobetzen ari da apurka-apurka, apaltzen ari delako koronabirusak erietxeetan duen eragina ere. Atzo 31 ospitaleratze berri egon ziren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako erietxeetan, eta denera 228 lagun daude ospitaleratuta koronabirusagatik hiru lurralde horietan; Zainketa Intentsiboen Unitateari dagokionez, 100 pertsona daude bertan, atzo baino bost gutxiago. Nafarroan, aldiz, lau lagun ospitaleratu zituzten atzo COVID-19a dela dela.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!