Aldundiak ibilbide berria egokitu du Pagoetan haginen basoa ezagutzeko

Mireia Galarza Bastida 2021ko mar. 11a, 17:31

Aian hasi eta amaitzen da SL-Gi 40003 ibilbidea, eta helburuetako bat da ingurua bisitatzera etortzen direnen artean zuhaitz mota horren "aberastasuna erakustea".  Laurgainen hasita, pagadiak eta haginen baso bat zeharkatzen ditu besteak beste.

Pagoetako Haginak izenpean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ibilbide berria egokitu du Pagoetan haginen basoa ezagutzeko. Erakundeak azaldu duenez, ibilbidearen helburua da ingurua bisitatzera etortzen direnen artean zuhaitz mota horren “aberastasuna erakustea”, haien esanetan, “hagin dentsitateari dagokionez, inguru horrek Iberiar Penintsulako potentzialitate handienetakoa du eta”. 

Zazpi kilometroko ibilbidea da (SL-Gi 4003), eta Aian hasi eta amaitzen da: Pagoetako Natur Parkeko ipar isurialdean hasten da, Laurgainen, eta bidean Aizkorteko haitzeko haginen basotik igarotzen da, baita Sagastizabal baserri eta pagaditik ere. Beorbarrote hagin bereziaren ondotik ere igarotzen da ibilbidea, baita Elutsaundi pagaditik ere.

Aldundiak ibilbide berria ezagutarazteko argitara eman duen txostenaren arabera, txangoan zehar inguruaren birpopulatzean sortutako hainbat zuhaitz mota ere ikus daitezke, inguruaren naturalizaziorako erabili direnak. 

Hain zuzen, lorpen hau Life Baccata proiektu europarrean kokatzen da, haginen kontserbazioa eta zaharberritzea helburutzat dituena. Aldi berean, proiektuaren bidez horrelako zuhaitzen eta euren habitataren berreskuratze eta zaintzan gizartea kontzientziatzea ere nahi da. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!