Hagin poblazioen eta beste basoen balioa bistaratu nahi dute Pagoetako Natur Parkean

Iñigo Gaiton 2021ko mar. 18a, 11:00

Pagoetako Natur Parkeko hagin kopuruak balio handia duela iritzita, ibilbidea egokitu dute zuhaitz horien garrantzia ezagutzera emateko. Baldintza bereziak behar dituen espeziea izanik, urria da Europan.

Pagoetako Haginak izenpean, Gipuzkoako Foru Aldundiak ibilbide berria egokitu du Pagoetako Natur Parkean,hango haginak ezagutzera emateko helburuarekin. Merezi duen balioa eman nahi diote han duten hagin kontzentrazioari, Iñaki Azanza  Gipuzkoako Foru Aldundiko Basoen Zerbitzuko teknikariaren hitzetan. «Europan oso urria den zuhaitz mota da, eta egia esan, natur parkean kontzentrazio handia dugu. Bertako espeziea da. Orokorrean, arbol honek zailtasunak izaten ditu ugaritzeko, hau da, eremu berriak berreskuratzeko, baina Pagoetan kontrakoa gertatzen ari da. Ez da toki askotan gertatzen».

Natur parkeko bisitariei zuzendutako  ibilbidea egokitu dute orain. «Life Baccata egitasmo europearra esker osatu dugu ibilbidea. Haginen kontserbazioa eta zaharberritzea sustatzeko xedearekin abiatu zen  proiektua Europan».

Basoa naturalizatzen
Europako Batasunarentzat babes maila altuena duen habitata da hagin basoena, kopuru aldetik eskasa delako. Ez da erraz erregeneratzen den zuhaitza, eta Azanzarentzat «kristoren balioa» du Pagoetak duen potentzialak. «Oso kuriosoa da hemen zeinen ondo birsortzen den. Ziurrenik, hainbat faktorek eragingo dute horretan; egiten ari garen ikerketak lagunduko digu horiek zein diren  argitzen».  

Aldundiak 500 hektarea erosi zituen 1956an, orain natur parkea dagoen tokian, eta lur sail batzuetan landaketa mixtoak egin zituzten, bertako eta kanpoko zuhaitzak uztartuz. «Urteak daramatzagu landaketa horiek naturalizatzen, batez ere pagoarekin eta izei gorriarekin osatuta daudenak. Bertako zuhaitzek gero eta toki gehiago izatea da gure lehentasuna orain, eta izei gorri horiek eta beste kanpoko espezie batzuetako arbolak mozten ari gara. Horrela,  aukera ematen diogu azpibasoko landaretzaren garapenari», azaldu du.

Zuhaitzak botatzen doazen heinean, eguzkiaren izpiek toki gehiago dute basoen artean sartzeko eta lurrera iristeko. Hala, bidea errazten zaie Pagoetan era naturalean hazten diren zuhaitzei.  «Izeia kendu ahala, pagoen artean hagina erraz sortzen dela ikusten ari gara, azpibasoan. Gorostia haztea ohikoagoa da, baina hagina ez, eta balio handia du».

Ibilbidea
Zazpi kilometroko ibilbidea da (SL-Gi 4003) egokitu berri dutena, eta Aian ditu hasiera eta bukaera: natur parkeko ipar isurialdean hasten da, Laurgainen, eta bidean Aizkorteko haitzeko haginen basotik igarotzen da, baita Sagastizabal baserri eta pagaditik, Beorbarrote hagin bereziaren ondotik eta Elutsaundi pagaditik ere.

Azanzak azaldu duenez,  lurrean botata dagoen egur asko ikus daitezke ibilbidearen bazterretan. «Lehen aipatu dudan modura, basoak naturalizatzeko prozesu betean gaude murgilduta, mozten ditugun zuhaitzak ateratzeko biderik ez dagoenez,  han geratzen dira lurraren gainean usteltzen. Hala, egurra hildakoan, basoaren funtzionamendu naturalerako oinarrizko osagarria bihurtzen da».

Azaroan izandako haizeteek botatako zuhaitzak ere han daudela gehitu du: «Pagadiei kalte handia eragin zien haizeak. Pagoak ez ditu sustrai oso sendoak, eta euriaren ondoren haizea badator, erortzeko arrisku handia izaten dute zuhaitzek».

Kontzientzian eragin
Azanzaren iritziz, Pagoetako Natur Parkea ezagun egin dute Agorregiko burdinolak , Iturraran parketxeak edo lorategi botanikoak. Berak, aldiz,  hutsune bat ikusi  zuen parke naturalaren kudeaketan lanean hasi zen garaian: basoen aberastasunari balio handiagoa eman behar zitzaiola iruditu zitzaion, hori ere parkearen indargunea zela ikusi eta gero.  Ordutik, helburu horrekin dihardu lanean, eta orain, urrats bat gehiago eman du haginen ibilbidea egokitzea lortutakoan. «Jendearen kontzientzian eragin nahi dugu, hemengo basoen eta zuhaitzen balioak merezi duen estimua izan dezan». 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!