"Zeruari begira gaude"

Onintza Lete Arrieta 2021ko api. 7a, 09:00

Euririk ez du egin atzora arte egun mordoan, eta ganaduzale zein gaztandegiak zerura begira daude, bai behintzat Aiako Agerre Buru Gaztak gaztandegiko kideak. Dena kate bat da, eta larreak ez badira orain ondo bustitzen, gero belar gutxi egongo da ardientzat. Hori bai, tenperaturarekin ez dira kexu, "esne gehiago dutelako ardiek beroarekin".

Atzo goizean aterkiak aspaldiko partez zabaldu zituzten herritarrek, eta badirudi datozen egunetan ere euria egingo duela. Horren zain daude baserritarrak, bai behintzat abereekin lan egiten dutenak, larreentzat garrantzitsua delako euria botatzea.

Hala azaldu dio KARKARAri Aiako Agerre Buru Gaztak enpresako arduradun batek. "Belarra egoteko inportantea da orain euria egitea. Orain larrea ez bada ondo bustitzen, gero belar gutxiago egongo da". Lehortearen kontrako erremediorik ez dute, ordea. "Zeruari begira gaude", esan du umoretsu.

Gaztagileari "arraroa" egin zaio urteko sasoi honetan horren euri gutxi botatzea, "ez da normala", baina badu itxaropena aurrerago egingo duela behar adina. "Badaki maiatzean eta baita ekainean ere gogotik botatzen", azaldu du. Ez du kontatu zenbat egun pasa diren lurra busti gabe, "baina pila bat izan dira".

Txanponaren beste aldean, berriz, tenperatura dago. Bero egin du, eta hori ona da gaztatarako ardiak dituztenentzat, "beroarekin askoz esne gehiago ematen dutelako".

Urtegia behintzat beteta

Bada beste datu lasaigarri bat ere: inguruko urtegiak, behintzat, bete-bete daude oraingoz.

Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren webgunean dauden datuen arabera, Ibai Eder urtegia, Azpeitiko Nuarben dagoena, %97,62an dago beteta. Antzeko mailetan daude beste bost urtegi ere, eta maila baxuena duena, Lareo, %76,82an dago. Dena den, urtegi hori antzeko mailetan ibili da aurreko urteetan ere.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!