Iker Lauroba: "Disko bakoitzak entzulea urtaro horretara eramatea bilatu dut"

Amaia Urbieta Arruti 2021ko api. 10a, 09:53
Iker Lauroba (euskadi.eus)

Iker Lauroba & Beste Urtaroak taldeak Udaberria diskoaren bueltako kontzertua eskainiko du gaur Aiako probalekuan, 19:00etan. Donostiarrak bere kabuz sortu eta grabatutako abestiz osatuta dago Udaberria bilduma, eta zuzenekoak Beste Urtaroetako musikariekin batera eskaintzen ditu. 

Laurobak jakitera eman duenez, Gipuzkoa inguruan epe motzean emango duten kontzertu bakarretakoa da Aiakoa, beraz, inguruko herritarrak bertaratzera animatu nahi izan ditu eta aurreratu du "berezia" egiten saiatuko direla. Sarrerak eskuragarri daude Musikaze atarian. Laurobarekin urtaroen proiektuaz eta musikagintzaz hitz egiteko aukera izan du Karkara.eus-ek.

'Udaberria' da urtaroak ardatz dituen zure hirugarren lana. Nolatan murgildu zinen proiektu horretan?

Udazkenarekin hasi nintzenean ez neukan buruan lauko tetralogia bat egitea. Behin Udazkena kaleratu nuenean erronka polita iruditu zitzaidan, eta pentsatu nuen beste urtaroak egitea litzatekeela borobiltzeko modu bat. Lau urtaroak subjektiboak dira, hau da, jendeak ez dezala espero urtaro bakoitzean egotea urtaro horri oso lotuta dauden kantak. Ez dira horren zorrotzak, eta musika aldetik ere saiatu naiz horrelako zerbait egiten. Bilatu dut disko horrek entzulea eraman dezala urtaro horretara, baina badira atenporalak diren abestiak disko bakoitzean. 

Aurreko udaberrian sortu zenuen 'Udaberria' diskoa? 

Gutxi gorabehera urtero urtaro bat kaleratu dut orain arte, urri-azaro partean. Abestiak sortu, ordea, ez ditut urtaro zehatz horretan sortzen. Diskoa urte osoko lana izaten da, badaudelako prozesuak kaleratze hori apur bat moteltzen dutenak: masterizazioa, diseinua... 

Dena den, Udaberria diskoaren parte handi bat udaberrian grabatu nuen. Ez da erronka erraza urtero hamar abesti konposatzea, sortzea, forma ematea eta grabatzea. Orduan, saiatzen naiz behin urtaro bat amaitzen dudanean bestea martxan jartzen. Udaberriaren parterik handiena konfinamenduan egin nuen. 

Oso berezia izan zen aurreko udaberria. Zer ekarri zizun horrela grabatu behar izateak? 

Niretzat ez ziren asko aldatu gauzak, nire etxean grabatzen ditudalako diskoak. Ez zidan suposatu aldaketa handiegirik aurrekoekin alderatuta. Gainera, teknologia berriek ahalbidetzen dute jendearekin aurrez aurre egon gabe grabatu ahal izatea, eta hori niretzako oso gauza ona da. Esaterako, bateriak Josu Erbitik bere estudiotik grabatzen zituen eta gero berak niri pasatu. Elkarrekin egon gabe, batera egin genezakeen lan bakoitzak bere lantokitik edo etxetik, eta berdin beste musikari askorekin ere. 

Zeintzuk dira Beste Urtaroak?

Diskoaren zatirik handiena nik grabatzen dut, eta kolaborazioak ere izaten ditut; bai urtaroetako kide direnenak eta bai bestelako lagun musikarienak. Beste Urtaroetan, saiatzen gara gure estilora eramaten abesti horiek zuzenekoetarako. Baliteke, esaterako, diskoan egotea abestiren bat bateriarik ez duena, baina gero zuzenean bateraiarekin jotzen dugu. Saiatzen gara formatu bakoitzera egokitzen diskoetako kantak. Nahiko kantu desberdinak dira, badaude batzuk lasai asko urtaro batean zein bestean egon daitezkeenak, baina badaude bestelakoak ere. Adibidez, Udaberria abestia atera egiten da orain arte bakarka landu dudan estilotik. Orduan, moldatu egiten dugu zuzenekoetarako. Urtaroetan musikari hauek daude: Leire Berasaluze abesten; Olaia Intziarte gitarrarekin, pianoarekin eta abar; Urbil Artola lap steel bezalako gitarra bereziekin; Maria Soreazu baxuarekin eta Andoni Etxebeste bateriarekin. 

Zure sorkuntzak kaleratzeaz gain, hainbat musikarirekin kolaboratzen duzu. Zaila al da oreka bilatzea?

Dezenteko puzzleak egin behar izaten ditut. Fabrika batean egiten dut lan duela 20 urtetik baino gehiagotik. Iaz jardunaldia erdira murriztu nuen, eta horrela jarraitzen dut, urtea [musika aldetik] nahiko ondo joan zitzaidalako. Kontua da musikaren mundua ez dela oso egonkorra. Adibidez, baliteke Izarorekin bolada batean kontzertu asko izatea, baina bapatean diskoa prestatzen hasten bagara eta egoten bagara urtebete geldirik, urte horretan ere nonbaitetik jan behar dugu. Orduan, oreka bilatu behar izaten da. Orain hasi naiz apur bat oreka hori bilatzen, baina, bai, espero dut egunen batean fabrika uzteko aukera izango dudala eta %100ean musikari eskaini nire jarduna. Espero dut laster heltzea hori, baina, bitartean, malabarismoa egin behar izaten dut.

Urte asko daramazu musika egiten. Sortzen duzun hori aldatuko zen ziurrenik, baina, entzuleak aldatu al dira?

Bai. Nik uste dut hona ere musika berria iristen dela, eta entzuleak aldatzen direla. Oso gai sakona da. Batzuetan sentsazioa daukat zailagoa dela jende gaztea erakartzea kontzertuetara. Gertatu izan zaigu, esaterako, Larrabetzuko gaztetxean jotzea eta gazteenak 40 urte izatea. Nik uste zailagoa dela gazteak erakartzea, batez ere estilo konkretu batzuetara, eta kontzertu bat ikusteak sorrarazten duen zoriontasun une horretara. 

Musika kontsumitzeko moduak ere asko aldatu dira, lehen diskoak zentzua zuen eta gaur egun gero eta gutxiago du formatu horrek. Musikariok egokitu egin behar dugu molde berrietara. Ni ez naiz inoiz parametro horietan mugitu, baina lehen taldeek disko asko saltzen zituzten, eta orain, nolabait, bilatu behar dira beste modu batzuk taldeak aurrera egiteko. Esaterako, lehen sare sozialak ez ziren oso garrantzitsuak, baina gaur egun bai, inportantea da hor egotea, sarean jartzea kontzertuen datak eta abar. Lehen egunkariekin agian nahikoa zen, baina gaur egun sarean egotea garrantzitsua da. Bideoklipekin ere berdin, lehen ez ziren horren garrantzitsuak ez zegoelako telebista ez zen beste modurik kontsumitzeko. Gaur egun Youtube eta horrelako plataformekin garrantzitsua da musikaz gain irudia ere lantzea. 

Musika sortzeaz aparte askoz gauza gehiago egin behar dituzue, beraz. 

Bai, batez ere autogestionatuta zabiltzanean. Ez da abestiak sortzea bakarrik, guzti hori eramaten jakin behar duzu; kontaktuak bilatu behar dituzu, master bat atera behar duzu fiskalitatean jakiteko nola fakturatu behar duzun kontzertu bakoitza... milaka gauza daude horren atzean, askotan iksuten ez direnak eta norberak eraman behar dituenak. Hori da, niretzat behintzat, alderik astunena.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!