Iturrarango Landare Berezien Azoka modu birtualean egingo da estreinakoz

IƱigo Gaiton 2021ko api. 16a, 11:00

Pandemiaren egoerara egokitzeko xedearekin moldatu behar izan dute azokaren formatua. Internet bidez bada ere, landareak ezagutzeko eta erosteko aukera izango da.

Aiako Udalak eta Aldundiak Iturrarango Landare Berezien Azoka antolatu dute apirilaren azken astebururako. Iazkoa ez zuten egiterik izan osasun krisiaren ondorioz, eta aurten azokaren 18. edizioa izango dena iragarri dute, berritasun nabarmen batekin: birtuala izango da, online egingo dute.

Azoka formatu digitalean egingo den arren, "berezi egin ohi duten ezaugarriei" eutsiko diela azaldu du Arantxa Ariztimuño Mendietako eta Natur Inguruneko zuzendariak. Ohi bezala, landareen kalitatea eta aniztasuna lehenetsiko direla nabarmendu du antolakuntzak, eta erosketarako aukera zabala izango dela baieztatu dute.

Zabaldutako informazioaren arabera, laster webgunea emango dute argitara, eta euskarri digital horren bitartez eskuratu ahalko da aurrez aurreko azokan topatu ohi diren mintegiei buruzko informazio guztia. "Baliabide guztiak eskainiko dira, ohiko azokan sortzen diren harremanak ahalbidetzeko", nabarmendu du antolakuntzak.

Aurtengo edizioa berezia izan arren, kontinente guztietako landare eta loreak ezagutzeko eta erosteko aukera izango da; besteak beste, Frantziako, Espainiako eta Euskal Herriko 50 mintegik beren aleak ikusgai eta salgai jarriko dituzte. Horrez gain, webguneak multimedia atal bat ere izango du, landareei, lorategiei, biodibertsitateari eta beste zenbait gairi buruzko bideoekin.

Koronabirusak eragindako krisiaren aurrean, lorezaintzan jarduten duten ustiategien jarduna dinamizatzen laguntzeko asmoa azaldu du Aldundiak; izan ere, izurritearen eraginez kaltetuenak izan diren azpisektoreei laguntzeko planaren barruan daude ustiategi horiek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!