Oier Aranzabal: "Euskal gizartearen erronketako bat bada memoria egitea"

Aritz Mutiozabal 2021ko mai. 6a, 16:04

Proiektuz proiektu dabil orain ere Aiako bizilagun Oier Aranzabal (Zarautz, 1988). Oraintsu, ‘Apaiz kartzela’ dokumentala estreinatu du, eta ‘Artxipelagoa’ fikziozko podcastarekin buru-belarri ari da.

Joan den ostiralean Apaiz kartzela film dokumetala estreinatu zenuten, Giza Eskubideen Jaialdian, eta, era berean, Artxipelagoa fikziozko podcasta aurkeztu duzue. Batetik, atzera begirako bat benetako gertakari bati, eta bestetik, fikzio distopiko bat etorkizunera begira. Bi gauza guztiz bestelakoetan murgilduta zabiltza gero.
Artxipelagoaren kasuan, audioari helduta nabil aspaldian, eta baneukan fikzioa egiteko apeta. Erronka bat zen formatu aldetik, eta akaso, ikus-entzunezko batean ezinezkoak ziren gauzak egiten uzten zigun; adibidez, Euskal Herria uharte bihurtu eta mundua ur azpian uzten. Ez da kasualitatea nazioartean eta Espainian egin diren audio ekoizpenak distopiak eta oso istorio zoroak izatea. Izan ere, horrelako gidoiek gauza asko jasan ditzakete. Beraz, distopia horretara jo genuen, baina gerta litekeen zerbait bezala, beharbada, ez horren muturrera eramanda. Planeta berotzen ari da eta uraren maila igotzen ari da. Iruditzen zitzaigun hondamendi natural bat bazela bidea halako proiektu bat planteatzeko.

Apaiz kartzelaren proiektua enkargu bati esker etorri zen nigana. Istorio potente bat dauka atzean: munduan egin den apaizentzako kartzela bakarra izan zen Zamorakoa [Espainia]. Nire ofizioetako bat bada memoria egitea eta geure historia geuk kontatzea, eta uste dut euskal gizarte honen erronketako bat ere badela. Istorio hau gehiegi kontatu ez den horietako bat zen, eta gure xumean idatzita uzten saiatu gara. Kasu honetan, dokumental bat egin dugu, aurrerantzean jakin dezaten gertakari hori izan zela frankismo garaian.

2019ko Durangoko Azokan aurrerapen lagin bat eman zenuten, non euskal apaiz horiek ere omendu zituzten. Bi urte geroago dator estreinaldia, aurreikusitako epean?
Epe oso malguak izan ditugu. Film bat egiterakoan, eta are gehiago dokumental bat, ezusteko askorekin topo egiten duzu. Durangon aurkeztu genuena hasierako muntaia bat izan zen; gerora erabaki genuen lanketa gehiago behar zuela. 2020ko hasieran, Zarauzko Modelo aretoan ikustaldi pribatu bat egin genuen, filma fintzeko ideiak jasotze aldera, eta Jon Garañoren bidez jakin nuen Katalunian bazegoela pertsona bat guk genituen artxibo irudi garrantzitsu batzuk grabatu zituena. Orduan, konfinamendua hasi baino lehen, Sabadellera joan ginen hura elkarrizketatzera. Handik itzultzean, pandemiak egin zigun eztanda, eta horrek mantsotu egin du azken fasea. Baina inportaneena da iritsi dela eta Giza Eskubideen Jaialdian estreinatu dela, apaiz ohiek merezitako omenaldia jaso dutela eta istorio hau kontatu dugula. Horrelako istorioak, segur aski kaxoi batean gordeta daudenak, kontatu egin behar ditugu. Herri bezala, gure xumean gauzak egin ditzakegu; esaterako, Non dago Mikel? dokumentala bezala.

Noiz izan zinen kontziente memoriaren berreskuratze lan bat egiten ari zinetela?
Hasieratik, esango nuke. Lana mahai gainean jarri zidatenean jada pentsatzen hasi nintzen nola enfonkatu hori. Hortik sortu zen kartzelara itzultzeko ideia. Ritxi Lizartzak eta biok kartzela lokalizatzeko bidaia hura egin genuen, eta bertara bisita egin genuen, modu alegalean. Leiho batetik sartu ginen, egin genuen lokalizazioa eta garbi geneukan hara itzuli behar genuela; hau da, apaizek beraiek han barrutik kontatu behar zigutela bizi izan zutena, eta segur aski hara joate hutsak sortuko zizkiela hainbat oroitzapen. Beraz, proiektua esku artean nuen unetik oso kontziente nintzen gure memoriaren zati bat zela, eta horrek ardura bat zuela. Erronka mardula izan da, horrelako esparru batean lan egin dudan lehen aldia izan baita.

Ardura hori hartu izan ez bazenute, lekukotza hori desagertu egingo zen, akaso?
Hori da. Gogoan dut lehen elkarrizketa Zornotzan [Bizkaia] egin nuela 2018an, Pedro Berrioategortuarekin, eta hil egin zela handik gutxira. Pelikulan badira pisu hadia duten pertsonak eta joan egin zaizkigunak, Julen Kaltzada edo Periko Solabarria kasurako. Haientzako omenaldi handi bat da film hau. Uste dugu oso harro sentituko liratekeela kontatu zutena pantaila handian ikusita, eta nik behintzat, oso presente izan nituen aurkezpenean. Egia esan, XX. mendeko lekukotza asko galdu ditugu, eta inork ez dizkigu kontatuko jada lehen pertsonan. Orduan, egun gauden egoera historiko-politikoan, aldaketa egoera honetan, inportantea da ixtera goazen etapa hau kontatzea. Erakundeek ere badute erantzukizuna honetan; izan ere, norbaitek jarri behar ditu baliabideak gauza horiek kontatzeko.

Espero zenuten erantzuna jaso al zenuten estreinaldian?
Erantzuna ona izan da. Gero, norberak neurtzen ditu bere espektatibak. Apaiz ohiak oso pozik daude, eta guztiok espero dugu filmak bide oparoa egitea eta jende askorengana iristea. Oraingoz, emanaldi bakarra egin dugu, Donostiako Giza Eskubideen Jaialdian, eta denon desira da lanak ahalik eta bizitza luzeena izatea. Ekoizleek diotenez, orain jaialdien zirkuituan sartuko da, eta ondoren herriz herriko aurkezpenak egiteko asmoa dute.

Auzkezpen batetik bestera, Artxipelagoa fikziozko podcastarekin zaude orain buru-belarri.
Nazioartean, plataforma digitalak podcastak ekoizten eta erosten ari dira. Nabaritzen da mugimendua dagoela, zerbait sortzen ari dela. Guk aurreratu nahi izan dugu olatu horretara, eta EiTB Podcast atala indartu nahian, Artxipelagoa lana ondu dugu. Oso harro gaude, sekulako lantaldea osatu dugulako. Santi Salvador eta Koldo Corella dabiltza soinu diseinua egiten, eta aktore ugarirekin aritu gara lanean: Eneko Sagardoi, Aitziber Garmendia, Iñaki Beraetxe... Anartz Zuazuak aktore eta aktore zuzendari rolak bete ditu; Xabier eta Martin Etxeberria gidoilari lanetan izan ditugu. Fikzio baten mailako erronka izan da, eta zortzi ataletako sail ederra geratuko da: oso potentea, eta planteamendu ausartarekin.

Zuri sortu al zitzaizun ideia?
Zu Zeu ataria sortu genuenean, Euskal gaizkileak podcastarekin hasi ginen nolabait probatzen; atal bakoitzean fikziozko gaizkile baten istorioa kontatzen zen. Hor egin genuen lehen saiakera, eta, gero, nik baneukan Artxipelagoaren ideia: itsasoaren maila 500 metro igota Euskal Herria artxipelago bihurtzea. Mundu hori neukan buruan. Zu Zeutik atera eta Ulu Media ekoiztexea sortzerakoan, proiektu hau jarri nuen mahai gainean. EiTBri aurkeztu genion, eta apustu serioa egin dute. Udazkenean izango da entzungai, baina aurretik zinemetan estreinatu nahi ditugu lehenengo atalak. Gu jada bigarren denboraldia prestatzen ari gara.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!