Irailaren 30era arte aurkez daitezke lanak Aiako Argazki Lehiaketara

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko mai. 18a, 11:34

Aurten librea izango da argazki lehiaketako gaia, baina lanek herriarekin lotura izan beharko dute.

Aiako Udalak Argazki Lehiaketa antolatu du, eta irailaren 30era arte aurkez daitezke lanak, kultur etxean. Dena dela, oraingo honetan izango du berezitasunik lehiaketak, gaia librea izango delako; hori bai, herriarekin lotura izan behar dute lehiaketara aurkezten diren lanek. Bestalde, argazkiek originalak izan behar dute eta lehendik argitaratu gabeak.

Partehartzaile bakoitzak gehienez 4 argazki aurkez ditzake, koloretan edo txuribeltzean, eta 2020 edo 2021ean ateratakoak izan behar dute. Pendrive batean eta argazki paperean aurkeztu behar dira, 30x20zm-tako neurrian eta formatu horizontalean. Argazki bakoitzak bere izenburua izan behar du eta horrez gain, parte-hartzailearen datuak zehazten dituen gutunazala ere aurkeztu beharko da argazkiekin batera.

Sariak
Lehiaketa bi ataletan banatuko dute, bata Aian erroldatutakoei zuzendua izango da eta bestea gainontzekoei. Hala ere, bi multzotako sariek kopuru bera izango dute.
1. Saria: 200 euro
2. Saria: 170 euro
3. Saria: 120 euro
Horrez gain, otar bat zozketatuko da sarituak izan ez direnen artean.

Onartutako lan guztiekin erakusketa jarriko dute Aiako Kultur Etxean, eta ikusleek euren botoarekin erabakiko dute irabazleak zein diren eta zein lanekin osatuko den 2022ko egutegia. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!