"Arraun mundura itzuli nahi izan dut beti, eta lan berria aukera ederra da horretarako"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko eka. 3a, 07:47
Aroa Fernandez Lazkano. (ACT)

Ikus-entzunezkoen arloan hainbat proiektutan murgilduta dabil Aroa Fernandez Lazkano aiarra, eta uda sasoian arraun munduko kontuak jorratuko ditu ACT telebistan.

Zein da zure proiektu profesional berria?
Traineru Kluben Elkarteak arraun estropadak antolatzen ditu, eta komunikazio departamenduaren barruan ACT telebista ere badu. Iaz, udan, bertan egin nituen Ikus-entzunezkoen gradu amaierako praktikak, eta aurten lanerako deitu didate. Oso gustura nago eman didaten aukerarekin.

Zehazki zer egingo duzu ACT telebistan?
Nik hasieratik ikus-entzunezkoen arloan egin dut lan. Arraunlariei eta entrenatzaileei elkarrizketak egiteaz gain, arraun munduko albistegiak egiten ditugu, baita jolasez osatutako bideotxoak, estropaden laburpenak eta spotak ere. Azken horiek, denboraldi hasieran eta Gabonetan egin ohi ditugu. Gehienbat lan informatiboa egiten dugu, baina familia txiki bat gara eta denetik egitea tokatzen zaigu.

Laster hasiko dira arraun ligak. Noiz ekingo diozue lanari?
Apirilean eta maiatzean arraunlariei argazkiak ateratzen eta entrenatzaileekin elkarrizketak grabatzen aritu ginen arraun elkarteetan, baina ekainean ekingo diogu denboraldiari. Orain arte grabatu ditugun bideoak editatzen hasiko gara, eta uztailean arraun denboraldia hasiko da.

Urte luzez ibili zinen arraunean. Esan daiteke zure bi pasioak uztartzeko aukera izan duzula lan berriarekin?
Bai horixe. Gazteagoa nintzenean, estropadetan ETBko berriemaileak ikusten nituen eta beti esaten nuen lan hori egin nahi nuela. Unibertsitatera joan nintzenean utzi behar izan nuen kirola, baina arraun mundura itzuli nahi izan dut beti, eta lan berria aukera ederra da horretarako.

Gauza berriak ikasteko aukera ere eskaini al dizu lanak?
Praktikak egin nituenean sentitu nuen hiru hilabeteetan gradu ikasketetako lau urteetan baino gehiago ikasi nuela ikus-entzunezkoen arloan. Lan taldeko arduradunek asko erakutsi zidaten: ikus-entzunezkoak editatzen, jendaurrean hitz egiten eta ahotsa sartzen, besteak beste. Gainera, gure arteko giroa ere primerakoa da.

Praktikak amaitu zenituenetik zertan jardun zara?
Nire ametsa zinema munduan lan egitea izan da beti. Pasa den ikasturtean Ikus-entzunezko Komunikazioko Gradua amaitu nuen, eta Madrileko (Espainia) Zinema Institutura etorri nintzen zinemagintza ikastera, zinema zuzendari izan nahi bainuke. Udan etxera itzuliko naiz, baina urrian berriz Madrilera bueltatuko naiz.

Zinemagintza kamera atzeko lana da. Aurrean egotea ere gogoko al duzu?
Txikia nintzenetik egin izan dut antzerkia, eta azken urtetan, ikasten ari nintzen bitartean, kameraren aurrean ere askotan jarri naiz. Hain zuzen ere, laburmetrai bat aurkeztu berri dugu Gaztezuloko Bideo Lehiaketara eta ni naiz aktore nagusia. Bi lanak oso gustura egiten ditut, baina nahiago dut atzekoa. Ideia asko ditut, eta hainbat gidoi ere idatzi ditut dagoeneko; gustatuko litzaidake gidoi horiek aurrera ateratzea.

Zure ibilbide profesionala Euskal Herrian garatzeko aukera badagoela iruditzen al zaizu?
Euskal Herrian mugimendu handia sortzen ari da ikus-entzunezkoen arloan, eta Madrileko irakasleek animatzen naute etxean bidea egitera. Plataforma digital handiek proiektu asko abiatu dituzte, eta bertako lan taldeekin lan egiten ari dira; hemen Madrilen baino lan gehiago dagoela esango nuke. Horrez gain, ACT telebistako lanarekin jabetu naiz arrauna jorratzen duen telebistan lan egitea ere atsegin dudala. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!