Biodibertsitatea lantzeko Aranzadik abian jarri duen ekimen batean parte hartzen ari da Aiako Lardizabal

Andoni Elduaien 2021ko eka. 16a, 09:56
Urmaela Lardizabalen.

Biodibertsitatearen gaia eskolen ingurunera eraman nahi izan du Aranzadi zientzia elkarteak, ikasleek haien eguneroko bizitzan tokikotu dezaten eta irakasleek tresna didaktiko moduan erabili dezaten. Aiako Lardizabal Herri Eskolak, esaterako, martxan du bere urmaela.

Aranzadi Zientzia Elkarteak, Kutxa Fundazioarekin batera, Eskolak naturan, natura eskolan ekimena jarri du martxan azken hilabeteetan. Gipuzkoako eskoletan eta zentroetan bioaniztasunaren kontserbazioan aurrerapausoak eman nahi ditu elkarteak. “Bioaniztasunaren kontserbazioa bermatzeko, ezinbesteko ekimenak dira habitatak babestea edota berreskuratzea. Kontzeptu horiek gizartean barneratu daitezen, ezinbestekoa da gizarteak ekintza horietan parte hartzea, eta bereziki, hezkuntza arloak paper garrantzitsua du egitasmoak inpaktu eta iraunkortasun handiagoa izan dezan”, azaldu du Aranzadik. Gainera, ikasleen eta naturaren arteko erlazioan “haustura areagotu” egin dela nabarmendu elkarteak.

Txoribox eta Eskoletako Urmaelen Sarea Aranzadin finkatuta dauden bi proiektu dira, eta horiek bat egin dute Eskolak naturan, natura eskolan egitasmo sozialean. Eskoletan hegaztientzako jantokiak eta habia-kutxak eraikitzen eta kokatzen ari dira, baita eskolaren inguruetan urmaelak eraikitzen edota egokitzen ere. Aiako Lardizabal Herri Eskolak, besteak beste, badu urmael bat jada. Horrez gain, Aranzadi Zientzia Elkarteko adituen gidaritzapean, halaber, ikasleekin, irakasleekin eta herritarrekin gaia gizarteratzeko jarduerak ari dira egiten.

Gipuzkoako hamahiru udalerritako 23 eskolak parte hartu dute proiektuan. Guztira 23 habia-kutxa, hamazazpi jantoki eta 11 urmael sortu dituzte. Era berean, Aranzadi urmaelen, habi-kutxen eta jantokien erabilera didaktikoa egiteko jardueren proposamen txostena ari da garatzen erabilera didaktikoa emango dioten eskolentzat.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!