Izeta VI.a: "Osabarekin txapela irabazteak ilusioa egingo lidake"

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 22a, 13:27

Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a-k iaz Arria V.a-rekin irabazi zuen Binanako Euskal Pentaloi Txapelketa, eta aurten osaba Izeta III.a-rekin berretsi du.

Binakako II. Euskal Pentatloi Txapelketaren finala jokatu zuten larunbat arratsaldean Tolosako (Gipuzkoa) zezen plazan. Sei bikote aritu ziren nor baino nor, eta Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III. a eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a osaba-iloba aiarrak izan ziren nagusi. Izeta VI.ak iazko garaipena berretsi zuen, oraingo honetan osabarekin –lehen aldian Xabier Orbegozo Arria V.a-rekin erdietsi baitzuen–, eta gainera, marka hobetzea lortu zuen.

Aurtengo garaipena bereziagoa izan al da zuretzat?
Bai, nik uste dut berezia izan dela aurtengo garaipena. Alde batetik, osabarekin batera parte hartu dudalako, eta, bestetik, iaz egindakoa  defendatzeko borroka egiteagatik. Hori horrela, pozez gainezka nago lortu dugun garapenarekin.

Iaz jarritako marka gainditzea ez zen lana makala, baina lortu zenuten. Horren bila joan al zineten?

Entrenamendu saioetan presente izan ditugu lan bakoitza eta horiek egiterakoan igaro genezaken denbora. Ikusi genuen gauzak ongi bidean marka hobetu ahal izango genuela, entrenamenduetan asko hurbildu ginelako iazko denborara. Plazan entrenamendu saioetako erregistroetan ibili ginen, eta, azkenean, marka haustea lortu genuen.

Eroso ibili zineten plazan.
Hala da, bai. Harriarekin abantaila txiki bat hartu genuen, eta giza proban banekien ongi moldatzen nintzela. Entrenamendu dezente egin genituen horretara begira; izan ere, osabak gutxixeago tiratzen du, txikiagoa delako. Beraz, lan horretan aldeak pixka bat zabaldu genituen, eta kanaerdi baten erdiaren aldea kentzea oso zaila da. Bukaeran, korrika ere oso ongi moldatzen garela erakutsi genuen.

Zu oso alai zeunden lorpena berretsita, baina osaba erabat hunkitu zen.
 Osabarentzat oso urte berezia izan da aurtengoa. Nik ez neukan bikoterik Pentatloian parte hartzeko, eta Joxe Ramonek  [Izeta II.a-k] animatu zuen. Entrenamenduak oso serio hartzen ditu, buru-belarri aritzen da saio guztietan. Nik jarri dizkiot entrenamenduak, eta dena ematen aritu da. Hamar kilo galdu ditu, gainera! Asko sufritu du, egia esan.  Baina, era berean, asko gozatu du plazan, are gehiago landutako guztia ongi atera zitzaigulako. Horregatik egin zuen negar, horregatik hunkitu zen. Niri ere egundoko ilusioa egingo lidake egunen batean ilobarekin txapela irabazteko aukera izango banu.

Honek banakoarekin geratu zitzaizun arantza kentzeko aukera eman al dizu?
Aizkorarekin izan nuen gorabehera, eta urte osoan hobetzeko aukera izan dut. Lehengo urtean hamar segundo horiengatik ez nintzen finalera sailkatu, baina jada menderatuta daukat. Aurten,  ordea, finalera sailkatu beharra dut derrigor. 

Aurrera begira, zer lehia duzu buruan?
Bigarren Mailako Aizkora Txapelketa daukat tartean, baina buruan Banakako Pentatloia dut. Lehiaketa honetan ikusi den bezala, jende berri asko dago, eta ongi prestatua, gainera. Ondorioz, finalerako txartela oso garesti egongo da. Nire helburu nagusia hori izango da: finalera sailkatzea.

Noizko aurreikusten da jokatzea?
Irailaren aurreneko asteburuan izango dela uste dut. Beraz, denbora pixka bat badago, eta gogotik prestatu beharko dut.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!