Julen Alberdik eta Jesus Maria Mujikak irabazi dute Gipuzkoako Binakako Aizkora Txapelketa

Aritz Mutiozabal 2021ko eka. 27a, 17:30

Gipuzkoako Binakako Aizkora Txapelketa jokatu da gaur eguerdian Aiako probalekuan, punta-puntako sei aizkolariren artean, eta emaitza ere halakoxea izan da. Lehia borrokatua eta estua.

Bikote bakoitzak sei kanaerdiko eta sei hirurogei ontzako enborrak moztu behar izan dituzte; hau da, lehenik 3 kanaerdiko, gero sei hirurogei ontzakoak eta, amaitzeko, beste hiru kanaerdiko. Lanak egite bikote azkarrena Julen Alberdi azkoitiarrak eta Jesus Maria Mujika ibarrarrak osatutakoa izan da, 21 minutu eta 59 segundorekin.

Eneko Otaño beizamarra eta Ugaitz Mugerza mutrikuarra izan dira bigarren, 22 segundo eskasera; hauen denbora 22 minutu eta 21 segundokoa izan da. Hirugarrenak, azkenik, Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Iñaki Azurmendi beasaindarrak osatutako bikoa sailkatu da, irabazleengandik minutu erdira, 22 minutu eta 29 segundo eginez.

Txapelketa ikusgarria izan da, ikusteko polita eta benetan lehiakorra. Bertaratu direnek gozatu ederra hartu dute kirolariek eman duten mailarekin eta erakustaldiarekin.

Argazkiak: Ibon Errazu

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!