Urra izan da garaile Aian jokatutako Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketan

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 12a, 10:31

Lanak hiru harrirekin eginda, guztira 9.237,5 kilo altxatu zituen Mikel Lopetegi Urra-k. Atzo jokatu zuten txapelketa Aiako probalekuan, eta Zarauzko bost harri-jasotzaile izan ziren.

Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketa hartu zuen atzo Aiako probalekuak. 17.30ean ekin zioten lehiari sei harri-jasotzaileek, eta zarauztarrak izan ziren nagusi: txapelketan parte hartu zuten Iraitz Arruti, Iñigo Eizagirre Eiza, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a, Mikel Lopetegi Urra eta Xabat Olaizola zarauztarrek, eta Beñat Telleria lasartearrak.

Hiru harrirekin egin zituzten lanak; hain zuzen, 100 kiloko bola, 112,5 kiloko kubikoa eta 125 kiloko kopa. Urra-k altxatu zituen kilo gehien orotara: 9.237,5 kilo. Zehazki, 32 jasoaldi egin zituen bolarekin, hamazazpi kubikoarekin eta 33 koparekin. Hark jantzi zuen, beraz, Gipuzkoako aurtengo txapela.

Telleria ez zen urruti ibili, 9.050 kilo jasotzea lortu baitzuen. Iruretagoiena sailkatu zen hirugarren 7.912,5 altxatuta, eta laugarren egin zuen Eiza-k 7.812,5 kilo jasota. Olaizola izan zen bosgarrena (6.987,5 kilo) eta Arruti seigarrena (5.762,5 kilo).

Hona hemen Gipuzkoako Harri Txikien Txapelketako emaitzak:

  1. Mikel Lopetegi: 9.237,5 kilo
    1. Kopa: 33 aldiz
    2. Kubikoa: 17 aldiz
    3. Bola: 32 aldiz
  2. Beñat Telleria: 9.050 kilo
    1. Kopa: 33 aldiz
    2. Kubikoa: 18 aldiz
    3. Bola: 29 aldiz
  3. Hodei Iruretagoiena: 7.912,5 kilo
    1. Kopa: 26 aldiz
    2. Kubikoa: 21 aldiz
    3. Bola: 23 aldiz
  4. Iñigo Eizagirre: 7.812,5 kilo
    1. Kopa: 27 aldiz
    2. Kubikoa: 19 aldiz
    3. Bola: 23 aldiz
  5. Xabat Olaizola: 6.987,5 kilo
    1. Kopa: 23 aldiz
    2. Kubikoa: 17 aldiz
    3. Bola: 22 aldiz
  6. Iraitz Arruti: 5.762,5 kilo
    1. Kopa: 20 aldiz
    2. Kubikoa: 13 aldiz
    3. Bola: 18 aldiz

Argazkiak: Gipuzkoako Herri Kirol Federazioa

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!