Botika kutxarik naturalena

Sendabelarrek milaka erabilera dituzte, eta inguruotan esku-eskura daude belar gehienak. Horietako 50 inguru jarri dituzte ikusgai Aiako kultur etxean, bakoitza bere azalpen zehatzarekin.

Osasun sistemak, farmaziak eta botikak baino lehenago ere baziren neurri batean sendatzen zekiten pertsonak eta sendatzen zuten botikak: sendabelarrak. Milaka urtean gizarteak belaunaldiz belaunaldi transmititu izan du gaitzak nola sendatu eta minak nola baretu, ukendu, infusio eta kataplasmen bidez, inguruan sortzen diren belarrak erabilita.

Ahozko transmisioa etetear da, baina idatziz jasota ere gelditu da jakintza horren zati handi bat, eta hala osatu dute Aiako kultur etxean ikusgai dagoen erakusketa. Aharoa Zuloaga aiarra izan da sustatzailea, eta asteburuero hura ari da bisitariei harrera egiten eta azalpenak ematen. "Adinekoak etortzen dira batez ere, haiek ezagutzen dituztelako, haurrak zirenean erabiltzen zituztelako etxean", azaldu du.

Erakusketa Beasainerako sortu zuten Zuloagak berak eta haren lankide batek. Igartzako monumentu multzoko gida turistikoak dira, eta han jarri zuten ikusgai lehenbizi, errotan, orain urtebete inguru. Erakusketak "izugarrizko arrakasta" izan zuela ikusita, eta Zuloaga aiarra denez, herrian jartzea proposatu zuen lantokian. Aiako Udalari ere interesgarria iruditu zitzaion, eta, hala, abuztuaren 1era arte egunero egongo da aukera erakusketaz gozatzeko.

Erakusketa itxura batean xumea den arren, gaiaren garrantzia azpimarratu du Zuloagak: "Sendabelarrena ondare immateriala da, belaunaldiz belaunaldi transmititu den jakintza bat delako, zoritxarrez galduz joan dena. Orain ari da interesa sortzen hainbaten artean, baita gazte batzuen artean ere, eta berreskuratu egin nahi dugu. Baina, zoritxarrez, informazio asko galdu da tartean".

50 informazio panel

Erakusketan, beraz, bertako sendabelar nagusiak zein diren erakutsiko dute, zertarako erabiltzen diren azaltzeaz eta infusioak, olioak, ukenduak eta kataplasmak nola egiten diren zehazteaz gain.

Landareei buruzko 50 informazio panel eta argazki ingururekin batera, benetako landareak jarri dituzte aretoan. Izan ere, herritarrek horiek identifikatzen ikas dezaten nahi dute. Biltzeaz ere Zuloaga arduratu da, gehienbat. Etxekoen laguntza ere izan du, ordea: "Amak xaboiak egin ditu hemen erakusgai dauden landareak oinarri hartuta, eta ahizpari landare bat edo beste lapurtu diot". Etxeko loreontzi guztiak erakusketarako baliatu dituela ere aitortu du, irribarretsu.

Ia landare guztiak erraz aurkitu dituzte, eta, erabileraren arabera, hiru multzotan banatu dituzte: infusioetan gehien erabiltzen diren belarrak jarri dituzte aurrena; ukenduetarakoak gero, eta gorputzeko zatien arabera antolatu dute ordena ondoren: azaletik hasi —garatxoak, zauriak eta kolpeak sendatzeko; gorputzaren barrutik jarraitu birikentzakoak aurrena (eztula, bronkitisa eta bestelako gaitzak), gibela garbitzeko erabiltzen direnak ondoren, eta hesteekin lotutakoak jarraian (beherakoak gelditzekoak, adibidez)—; eta zirkulazioarekin lotutako sendabelarrak jarri dituzte bukaera aldera.

Betadine naturala

Erakusketan Zuloagarekin topo eginez gero, xehetasun zehatzak ezagutzeko aukera izango dute bisitariek. Pasmo belarraz azaldu du, adibidez, "nahiko landare toxikoa" dela, "hazia batez ere", eta, beraz, ukenduetarako baietz, baina ez dela gomendatzen infusioetan hartzea. Baratzeetan ateratzen da, eta lore gorri txikia du.

Sanjose lorea ere aski ezaguna da, baina ez, agian, kolpeentzat oso ona dela. Eta datu berezi bat ere eman du Zuloagak: "Betadine naturala existitzen da: iodo belarra edo enara belarra da. Enarak etortzen direnean loratzen dela esan ohi da, eta horregatik deitzen zaio horrela. Betadine naturala da latexa —zurtoina haustean barruan daukan likidoa laranja delako eta zaurian eman daitekeelako".

Etxeko botika kutxarako bost belar

Zer belarren ukenduak edo infusioak edukiko lituzke Aharoa Zuloagak etxeko botika kutxan?

1. Berbena. Zaurietako zikinak kentzeko.

2. Tiloa. Lasaigarria da. Mendian ez dago, baina zuhaitz dekoratiboa da, eta erraz aurki daiteke Aiako, Zarauzko nahiz Donostiako kaleetan. Garaia iristean, bildu eta gorde egin behar da.

3. Intxusa. Erredurentzat da, bai eguzkiak errez gero, bai sukaldeko olioarekin edo beste zerbaitekin errez gero erabiltzekoa.

4. Erromeroa. Sukaldean erabiltzeaz gain, giharretako minak leuntzeko ere balio du.

5. Kamamila. Digestiorako ona da. Naturala aurkitzea zaila da gaur egun; topatzen duenak ez dio inori kontatzen non aurkitu duen.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!