San Lorentzo eguna dela eta, itxita egongo dira bihar Aiako udal bulegoak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko abu. 9a, 16:00

Festetako ekitaldirik ez da izango, baina gaurtik asteazkenera bitartean, herri kirol zaleek nahiz haurrek hainbat hitzordu izango dituzte Aian.

Izurriteak oraindik ere halakorik ahalbidetzen ez duenez, ez da San Lorentzo festarik izango aurten ere Aian. Dena den, herriko jaieguna da egun hori, abuztuaren 10a eta, beraz, itxita egongo dira bihar udal bulegoak. 

Festarako ekitaldien faltan, bestelako hainbat alternatiba izango dira gaur eta datozen egunetan. Gaur, esaterako, haurrentzako Musikarium emanaldiaz gozatzeko beta izango da 19:30ean. Bihar, herri kirol txapelketa izango da 18:00etan, eta etzi, Potx eta Lotx pailazoek emanaldia eskainiko dute, 19:30ean. 

Hiru hitzorduetarako sarrerek bi euro balioko dute, eta aurrez hartu beharko dira Aiako udalera deituta (943-13 11 44) edo harrera@aia.eus helbidera idatzita. Biltzen duten dirua Maydayterraneo proiektuarentzat eta Aita Mari erreskate ontziarentzat izango dela jakitera eman du udalak. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!