Zapelatzak eta urubia askatuko dituzte bihar Iturraranen

Aritz Mutiozabal 2021ko abu. 19a, 12:45

Iluntzeko 20:30ean izango da jarduera, eta 3 euro balio du pertsonako. Izena aldez aurretik eman behar da.

Bertan bizi diren bi hegazti harrapari gertutik ezagutzeko aukera eskainiko du Iturraran Parketxeak bihar. Izan ere, Igeldoko Arrano Etxean sendatutako bi zapelatz eta urubi bat askatuko dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiko basozainen eskutik.

Askatu aurretik, aipatu hegaztien bizitzari buruzko azalpenak eta Igeldoko Arrano Etxeko kideek nahiz basozainek egiten duten lanaren inguruko xehetasunak emango dizkiete bisitariei. Jarduera 20:30ean izango da, eta 45 minutu inguruko iraungo du. 

Saioak parte-hartze kopuru mugatua izango du eta ezinbestekoa izango da aurrez izena ematea. Horretarako, Iturraran Parketxearekin harremanetan jar daiteke 943-83 53 89 telefono zenbakira deituta edo iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita.

Lurrean eserita jarraituko beharko da saioa, beraz, gainean esertzeko zerbait eramatea gomendatzen dute antolatzaileek. Era berean, maskara jarrita eduki beharko da eta segurtasun-distantzia mantendu. Adin guztientzako herritarrei zuzendua dago, eta izen-emateak 3 euro balio du pertsonako.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!