Bihartik aurrera eskuratu ahal izango dira Kukai Dantzaren Aiako emanaldirako sarrerak

Dorleta Agiriano Lai 2021ko abu. 31a, 11:30

Irailaren 18an izango da ikuskizuna, Aiako probalekuan. Euskal dantza tradizionaletan "ohikoak diren hainbat kontzeptu berraztertuta" sortu zuten koreografia.

Aiako Udalak otsailean aurkeztu zuen urteko kultur agenda, eta orduan jakinarazi zuen irailaren 18rako duela programatuta Kukai Dantza konpainiaren saio bat. Hain justu, Gelajauziak izeneko ikuskizuna eskainiko dute Kukai taldeko Alain Maya, Ibon Huarte, Izar Aizpuru, Jon Maya, Nerea Vesga eta Urko Mitxelena dantzariek. Aiako probalekuan izango da emanaldia, 22:30ean hasita.

Gelajauziak ikuskizunari esker hainbat sari jaso ditu Kukaik; zehazki, Euskal Herriko ikuskizun onenaren saria 2014ko Umore Azokan, dantza talde onenaren eta musika sorkuntza onenaren Max Sariak 2015ean eta ikuskizun berritzaileenaren saria Huescako 2014ko Antzerki eta Dantza Azokan. Jon Maya Seinek eta Cesc Gelabertek sortu zuten koreografia, "begirada pertsonal batekin", euskal dantza tradizionaletan "ohikoak diren hainbat kontzeptu berraztertuta".

Edukiera mugatua izango da Aiako probalekuko saioan, eta sarrerak bihar jarriko dituzte eskuragai, 08:00etan. Kultur etxean nahiz musikaze.com atarian hartu ahal izango dira tiketak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!