Irailaren 18an jokatuko dute XIV. Andatzatik Aiara Igoera

Onintza Lete Arrieta 2021ko ira. 4a, 09:00

Antolatzaileek espero dute 50 gidari inguruk parte hartzea mendiko lasterketan. Ohi bezala, jarleku bakarreko ibilgailuak eta bikoak ariko dira lehian erlojuaren aurka.

Iaz bezala, aurten ere pandemiagatik egunez aldatu behar izan dute Andatzatik Aiara Igoera. Martxoan jokatu ohi da lasterketa hori, baina bai iaz, bai aurten, atzeratu egin dute. Lehengo urtean abuztu amaieran jokatu zen, eta aurten irailaren 18an jarri dute hitzordua. Iazko neurri berak hartu beharko dituzte; esaterako, ibilgailu guztiak itxitako eremu batean egongo dira, eta zaletuek ezingo dute bertaratu. Sari banaketa ere ez dute Andatzako plazan jendaurrean egingo, itxitako eremu horretan baizik.

Hori bai, autozaleek mendiko igoeraz gozatzeko aukera edukiko dute. 14:30ean hasiko dituzte entrenamenduak, eta jarraian egingo dituzte proba puntuagarriak. Gidari bakoitzak lau bider egingo du ibilbide osoa; bi aldiz entrenamendu gisa, eta beste bi aldiz lehiatzen. Azken bi horietako denborak hartuko dituzte kontuan. Batetik, bietan egindako denbora onenaren arabera osatuko dute txapelketa horretako sailkapena. Ordea, gainerako txapelketetarako puntuagarriak izango dira gidari bakoitzak egindako bi denborak. Jarleku bakarreko autoak eta bikoak ariko dira lehian, bigarren horiek kopiloturik gabe.

Arkaitz Iruretagoiena aiarra probaren antolatzaile taldekoa da –Andatzako lagun talde batek antolatzen du urtero Lagun Artea eta Urraki taldeen laguntzarekin–, eta azaldu du guztira hamar modalitatetan parte hartuko dutela lehiakideek, autoaren ezaugarrien eta potentziaren arabera.

Ohi bezala, erlojuaren aurka lau kilometroko ibilbidea osatu beharko dute.

Bestalde, Iruretagoienak jakinarazi du 50 lehiakide inguruk parte hartuko dutela aurtengo igoeran. "Iaz 60 partaide izan zituen probak, baina kontuan hartu behar da denboraldia hasi eta berehala COVID-19aren pandemia iritsi zela eta bertan behera gelditu zirela txapelketak. Abuztuaren 22an jokatu zen gure lasterketa, aurrenekoa izan zen inguruotan, eta autoak prestatuta zituztenak gogotsu etorri ziren; Kantabria aldetik-eta etorri zen jendea lehiatzera». Aurten bestelakoa da egoera, eta partaide gehientsuenak bertakoak izango dira, urte normaletan bezala.

Faboritoez galdetuta, Iruretagoienak argi dauka Joseba Iraolak duela irabazteko aukera gehien, "etortzen bada". Izan ere, oraindik ez da itxi izena emateko epea; irailaren 10era arte egongo da horretarako aukera. Parte hartzaileen behin betiko zerrenda irailaren 14an jakinaraziko dute antolatzaileek. Hain zuzen ere, Iraolak irabazi zuen iaz proba jarleku bakarreko lehian; Jose Antonio Lopez izan zen bizkorrena, berriz, bikoenean.

Eskualdeko hitzorduak

Asteburu honetan bertan mendiko beste igoera bat jokatuko dute txapelketetan dabiltzan gidariek: Jatako Igoera, Bakio (Bizkaia) aldean. Iruretagoienaren ustez, han parte hartzen duten guztiak joango dira Aiako probara.

Martxan dira auto lasterketak, eta proben hitzorduak ere zehaztuta daude, baina aiarrak azaldu du egutegian aldaketa ugari egon daitezkeela. Eskualdean, Urrakiko Igoera urriaren 23an eta 24an jokatuko da, Azpeitiko slaloma azaroaren 28an, eta Aiako slaloma, berriz, urteko azken egunean.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!