Izeta VI.a, IV. Euskal Pentatloiaren finalera

Mailo Oiarzabal 2021ko ira. 13a, 09:25
(Mailo Oiarzabal)

Aiarrak nagusitasunez irabazi zuen larunbatean Azpeitiko zezen plazan jokatu zuten bigarren kanporaketa. Finalerako sei txartel zeuden jokoan, eta Gorka Etxeberria oriotarra kanpoan gelditu zen. Kepa Peñagarikano, Joseba Otaegi, Iñaki Errazkin, Aritz Irazabal eta Julen Gabirondo dira finalean lehiatuko diren beste bost kirolariak.

Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Joseba Otaegi, Iñaki Errazkin, Aritz Irazabal, Julen Gabirondo eta Kepa Peñagarikano. Horietako batek hartuko du Xabier Zalduaren lekukoa Euskal Pentatloiaren irabazleen palmaresean.

Hamabi kirolari lehiatu ziren larunbat arratsaldean Azpeitiko zezen plazan, laugarren edizioaren bigarren kanporaketan, irailaren 25ean toki berean 22:00etan hasita jokatuko den finaleko sei postuen bila. Hamabi horietatik zortzik iazko edizioan egindako markei esker zuten lekua gordeta gaurko saiorako; beste lau, berriz, joan den asteburuan jokatu zen lehen kanporaketatik zetozen.

Lau txandatan banatuta jokatu zuten larunbateko kanporaketa saioa, txanda bakoitzean hiru kirolarirekin. Joseba Otaegi, Irazabal eta Aratz Mugertza aritu ziren lehen txandan; Julen Kañamares, Gorka Etxeberria oriotarra eta Iñaki Errazkin, bigarrenean; Jon Gisasola Zelai V.a, Beñat Amade eta Kepa Peñagarikano, hirugarrenean; eta Izeta VI.a aiarra, Gabirondo eta Jagoba Otaegi, berriz, laugarren eta azken txandan. Lehiaketan aurrera egitea lortu du Izeta VI.ak; Etxeberria, aldiz, finaletik kanpo gelditu da.

Izeta VI.a eta Julen Gabirondo dira aurtengo pentatloia irabazteko faboritoen artean gehien aipatu izan diren izenak. Larunbatean, Izetak faborito izaera berretsi egin zuen. Erakustaldia eginda irabazi zuen kanporaketa aiarrak, eta alde nabarmenarekin nagusitu zen: 12 minutu eta 29 segundo behar izan zituen lan guztiak egiteko (100 kiloko bola hamar aldiz jaso, gizon proban 400 kiloko harriarekin plaza bat osatu, kanaerdiko eta 45 ontzako enbor bana moztu, 50 kiloko bi txingarekin hiru plaza bete, eta korrika kilometro bat egin), eta proba guztietan berea izan zen arratsaldeko markarik onena.

IV. Euskal Pentatloian lan ona egiteko hautagaien artean zegoen Joseba Otaegi ere, eta bera gogoan hartu dutenak oker ez zebiltzala erakutsi zuen; berea izan zen arratsaldeko bigarren denborarik onena (13’09”). Bigarren edizioan txapeldunorde izan ondoren, iaz ez zuen pentatloian parte hartu Otaegik eta, horrenbestez, aurten bi kanporaketa jokatu behar izan ditu. Hirugarren postuan sailkatu zen Iñaki Errazkin (14’38), iazko finalean bosgarren sailkatu zen kirolaria. Larunbateko laugarren denborarik onena (14’44”), berriz, banakako pentatloian lehen aldiz parte hartzen ari den Aritz Irazabalentzat izan da; bera eta Otaegi izan dira lehen kanporaketatik zetorren laukotetik finalean sartzea lortu duten biak. Finalerako seigarren eta azken tokia Kepa Peñagarikanorentzat izan da: azpeitiarrak 15 minututan osatu zituen larunbateko lanak.

Julen Kañamaresek (zazpigarren, 15’02”), Zelai V.ak (zortzigarren, 16’32”), Amadek (bederatzigarren, 16’44”), Jagoba Otaegik (hamargarren, 16’52”), Mugertzak (hamaikagarren, 17’42”) eta Etxeberriak (hamabigarren, 18’31”) osatu dute bigarren kanporaketaren sailkapena.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!