Beste kasu positibo bat hauteman dute Aian

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 16a, 13:19

Orion ez dute kasurik baieztatu, eta eremu horian dago oraindik. Hego Euskal Herrian 264 positibo izan dira, bezperan baino 24 gehiago, eta %3 pasatxokoa da positibotasun tasa. 

Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaeraren inguruko eguerdiroko txostena, eta horren arabera, atzo kasu positibo bat zenbatu zuten Aian. Zertxobait igo da Aiako intzidentzia tasa, 705,97tik 906,80ra, baina koloreen eskematik kanpo dago, 5.000 biztanle baino gutxiago dituelako. Orion ez da kasurik izan azken orduetan; kasu metatuen tasa 130,34an dago une honetan, eta eremu horian jarraitzen du herriak.

Urola Kostan, guztira, 11 positibo atzeman zituzten atzo; herenegun baino sei gutxiago. Azpeitian eta Zarautzen bosna kasu baieztatu dituzte. Ondorioz, bi herri horietan koska bat gora egin du intzidentzia tasak: Azpeitian 216,82tik 223,39ra eta Zarautzen 119,93tik 132,78ra. Dena dela, eremu horian jarraitzen dute Azpeitiak eta Zarautzek.

Eskualdeko gainontzeko herrietan, lasaitasuna nagusi, azken orduetan ez baitute positiborik atzeman. Horrenbestez, lehengoan jarraitu dute edo zertxobait jaitsi egin da horietako intzidentzia tasak. 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiak, Orio bezala, eremu horian daude; Azkoitian 223,66ko tasarekin eta Zumaian 142,46koarekin. 

Egoera, egonkor

Hego Euskal Herrian, berriz, koronabirusa atzemateko 7.668 proba egin zituzten atzo, eta horietatik 264k eman zuten positibo; %3k baino zertxobait gehiagok. Herenegun baino 24 positibo gehiago diren arren, egoerak nahiko bare jarraitzen du. Lurraldeka, Bizkaian baieztatu dituzte kasu berri gehien: 131. Gipuzkoan 64 izan dira, Nafarroan 49 eta Araban hemezortzi.

Erietxeetako egoerak ez du gorabehera handirik izan. Uneotan COVID-19ak jotako 218 lagun daude Osakidetzaren mendeko zentroetan, horietatik 52 Zainketa Intentsiboen Unitateetan (ZIU). Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 40 lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta Nafarroan bat bera ere ez.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!