Parte hartze "izugarria" izango da bihar Andatzatik Aiara Igoeran

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 17a, 15:00
Joseba Iraola, iaz. (Lagun-Artea)

Gidariak goizean goiz elkartuko dira bihar Gozategi plazan, eta egiaztatze teknikoak eta entrenamendu saioak egin ostean hasiko dira igoera puntuagarriak. Joseba Iraola da lehiaketa irabazteko faborito nagusia, Lagun-Artea eskuderiaren esanetan.

Aurten ere Andatzatik Aiara Igoera antolatu du Lagun-Artea eskuderiak. Hamalaugarren edizioa izango da biharkoa, eta antolatzaileen arabera, "izugarria" izan da izena eman dutenen kopurua. Argitaratu dute lehian parte hartuko dutenen zerrenda; 50 gidari arituko dira nor baino nor. Mendiko Euskal Txapelketarako eta Gipuzkoako Txapelketarako puntuagarria izango da XIV. Andatzatik Aiara Igoera.

Partaideak 09:30ean bilduko dira Aiako Gozategi plazan. Egiaztatze teknikoak egingo dituzte hiru orduz, eta 14:30ean, entrenamendu saioak hasiko dira: puntuagarriak izango ez diren bi igoera egingo ditu bakoitzak. Horren ostean hasiko da lehia ofiziala, eta bi igoera puntuagarri izango dira. Beraz, guztira, lau aldiz egingo du ibilbidea gidari bakoitzak, kronometroaren aurka. Lau kilometroko ibilbidea da igoera bakoitza.

Lehia ofizialeko bi saioetan lortutako denborarik onena hartuko da kontuan amaierako sailkapenerako; hala ere, bi igoera horiek izango dira puntuagarriak txapelketako zenbaketa orokorrerako. Entrenamendu saioetako denborak ez dira kontuan hartuko.

Marka, Joseba Iraolak

Joseba Iraolarena da orain artean Andatzatik Aiara Igoeran lortu den denborarik onena: 1:44:827 denbora egin zuen iaz eta, batez beste, 129 km/h-ko abiaduran aritu zen. Aurtengo edizioan ere parte hartuko du. Lagun-Artea eskuderiako kideen esanetan, beraz, Iraola da lehiaketa irabazteko faborito nagusia.

Dena den, beste partaide batzuk ere izan dituzte gogoan; besteak beste, Arkaitz Ordoki, Abel Lombardo, Garikoitz Flores, Aitor Manso eta Iosu Beitia.

Errepidea itxita

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Andatzatik Aiara Igoera jokatu ahal izateko, errepidea itxiko dute bihar, 13:00etan. Bestalde, ikusleei eskatu diete "leku seguruetan kokatzeko, eta inoiz ere ez antolakuntzak zinta gorri bidez markatutako lekuetan". "Horrez gain, eskatzen da bidean izango diren komisarioen ohar eta adierazpenak betetzeko", gaineratu dute.

Igoera aurrez aurre ikustera joan ezin dutenek ere izango dute zuzenean jarraitzeko aukera, gidari bakoitzak unean une lortutako puntuazioak www.fotomotor.es atarian egongo baitira ikusgai.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!