Olatz Mitxelena: "Gizakiari sortzen zaizkion pitzadurak adierazi nahi ditut"

Maria Ortega Zubiate/Gipuzkoako Hitza 2021ko ira. 24a, 12:00
(Maialen Andres)

Aurtengo Igartza saria irabazi berri du Zaragueta eskolako irakasleak, Arrakala ipuin liburuaren proiektuarekin. Gai gogorrak landuko dituela dio, baina umorez betiere, "tarteka irribarretxoren bat" ateratzeko eran.

Euskal literaturak badu izen berri bat: Olatz Mitxelena Larreta (Oiartzun, 1989). Beasaingo Igartza saria irabazi berri du —udalak, CAFek eta Elkarrek antolatzen dute—, Arrakalak narrazio bilduma proiektuarekin, eta, horrela, bere lehen liburua kaleratzeko aukera izango du, urtebeteko epean. Albistea jakinarazi eta astebetera, oraindik “zurrunbilo” batean dagoela dio Mitxelenak, “kokatzeko” dituela burua eta gorputza. Telefonoz erantzun die Gipuzkoako Hitza-ren galderei, “pare bat hilabetez” kanpoan izango baita. Hori ez da oztopo izango idazteko, jada ari baita liburuko pasarte berriak idazten. Arestian, idazteko bere tokia eta isiltasuna behar zituen; egun, leku zaratatsuenetan abstraitzeko gaitasuna garatu duela dio.

Igartza saria irabazi, eta lehen aldiz publikatuko duzu liburu bat. Bertigoa ematen du?

Tarteka zerbait idatzi izan dut, testuren bat, baina gutxi. Honek bertigoa ematen du, noski, liburu bat izango delako eta gauza berri asko izango direlako bat-batean. Urtebeteko epean liburu hau argitaratzea erronka handia da niretzat. Nire burua gogotsu ikusten dut, baina ezin jakin epea pasatu arte egin ahal izango dudan. Konfiantza badut, baita gogoa ere; hori da garrantzitsuena.

Lau kontakizun aurkeztu zenituen sariketara, baina gehiago izango dira liburuan?

Bai, gehiago izango dira, ziur. Baliteke, gainera, bukaerako bertsioan aurkeztutako lauretako baten bat kanpoan geratzea; hori ez dakit oraindik. Gehiago idatzi beharko ditut. Ari naiz pixkanaka bilduma osatzen, baina kalkulatzen dut hamalau-hamabost kontakizun izango direla.

Behin baino gehiagotan galdetuko zizuten zergatik aukeratu duzun narrazio bilduma bat idaztea eleberri baten ordez. Zergatik narrazioa eta ez eleberria?

Kazetariekin dudan harremana nahiko berria da, baina baten batek galdetu dit hori egun hauetan. Idatzi izan dudanean, beti egin ditut ipuinak edo testu laburrak, horixe da buruan dudan ideia idazterako orduan. Ez zait burutik pasatzen eleberririk idaztea. Bestela gertatzen zait ipuinekin: erakargarria egiten zait ipuinaren forma, sor dezakeen jolasa, eta idazteko orduan interesgarria egiten zait.

Irakurri elkarrizketa osorik, Gipuzkoako Hitza-n

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!