Anartz Artolak eta Irati Larrañagak irabazi dute Aiako X. Mendi Lasterketa

Iñigo Gaiton 2021ko urr. 3a, 13:53
Aiako X. Mendi Lasterketako saridunak. Argazkia: Iñigo Gaiton.

Euria eta lokatza izan ditu protagonista gaur goizean Pagoetan barrena egin den lasterketak. Artolak 01:10:57 denbora eginda lortu du txapela gizonezkoen artean, eta emakumezkoetan 01:10:57 denborarekin gailendu da Larrañaga. Aiarren artean, Gaizka Iruretagoiena eta Ainhoa Usandizaga izan dira onenak.

Aiako X. Mendi Lasterketa jokatu da gaur goizean, igandearekin. Eguraldi txarra emana zegoen gaurko, eta partea bete-betean bete da: lehen ordutik euria gogotik egin du, eta gero leuntzen joan bada ere, haizea harro ibili da egunaren hasieran. Hori dela eta, antolakuntzak irteera eta helmuga puntua mugitu egin du, eta 10:30ean, korrikalariak probalekutik atera dira, Pagoeta aldera.

Parte hartzaileek azaldu dutenez, lokatz asko bilatu dute ibilbidean zehar, eta horrek kontu handiagoarekin ibiltzera behartu ditu puntu batzuetan.

Gizonezkoen artean, Anartz Artola izan da azkarrena. Haren aurretik korrikalari bat pasatu da helmugan, baina ibilbidean nahastu egin delako; antolakuntzak azaldu duenez, oharkabean, beste bide bat hartu du, eta gainontzeko parte hartzaileek baino 3 kilometro gutxiago egin ditu. Hala, Artolak jantzi du txapela, lasterketa 01:10:57 denborarekin bukatu eta gero. Bere atzetik Hodei Lujanbio sailkatu da (01:12:36), eta hirugarren postuan Josu Urrestarazu (01:12:37).

Emakumezkoetan Irati Larrañagak irabazi du lasterketa helmugan, 01:29:30 denbora eginda. Larraitz Etxebesterentzat (01:31:20) izan da bigarren saria, eta hirugarrena Marina Gonzalezentzat (01:33:32).

Antolakuntzak bi aiar onenei ere eman die sari bana, eta horiek Gaizka Iruretagoienak(01:20:08) eta Ainhoa Usandizak (01:37:12) jaso dituzte.

Hemen klik eginda ikus daitezke parte hartzaile guztien denborak.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!