Irudietan: Eneko Gurrutxaga eta Ainara Pequeño izan dira nagusi Aiako I. Mendi Duatloian

Iñigo Gaiton 2021ko urr. 30a, 20:22

Gaur arratsaldean jokatu da Andatza auzoan Aiako I. Mendi Duatloia. 100 partaidetik gora bildu ditu probak, eta lokatz artean, Eneko Gurrutxaga eta Ainara Pequeño gailendu dira banakako lasterketan. Binakakoan, berriz, Borja Aranzabek eta Oier Elorzak osatutako bikoteak lortu du garaipena.

Aiako Mendi Duatloiaren aurreneko edizioa jokatu da Andatza auzoan, eta duela ordu pare bat amaitu da ehundik gora lagun bildu dituen proba. Gauean eta goizean egindako euriaren ondorioz, parte hartzaileek lokatza bilatu dute ibilbide osoan, eta erorikoak ere izan dira.

15:30ean eman zaio hasiera lasterketari, Aristerrazuko plazan. Banakako lehiaketako partaideak (59 gizonezko eta lau emakumezko) atera dira lehen multzoan, eta bost minutu beranduago, ibilbidea binaka egin dutenak (28 bikote). Guztiek ibilbide bera egin dute: lehen sektorean 4 kilometro korrika, bigarrenean 20 kilometro mendiko bizikletarekin, eta hirugarrenean, beste bi kilometro korrika. Banakako lasterketan, partaide bakarrak egin du ibilbide osoa, eta binakakoan, batek korrikako bi zatiak egin ditu, eta besteak, bizikletaren tartea.

Plazatik abiatutakoan, Aristerrauzko basoan egin dute korrikako zatia kirolariek, zirkuituari bi buelta emanda. Hori bukatutakoan, plazan bertan bizikletak hartu eta Zarateko Bentaraino igo dira zuzenean. Handik, Zazkarate baserrirainoko bidea egin dute, eta handik Bulano baserriraino joan dira. Han, jaitsiera hasi dute Aristerrazuko bordaraino, eta beherantz jarraituta, plazaraino ailegatu dira berriro. Ibilbide horri bi buelta egin dizkiote mendiko bizikletarekin, eta bukatutakoan, basoan azken buelta egin dute korrika.

Eneko Gurrutxaga eta Ainara Pequeño garaile
Gizonezkoen artean Eneko Dorronsoro gailendu da, helmugan 1:41:10 denbora eginda. Paul Bereziartua izan da bigarren (1:42:41) eta Jon Aperribai hirugarren (1:44:29). Emakumezkoei dagokienez, Ainara Pequeñok lortu du garaipena 2:24:00 denbora eginda. Nekane Praderak egin du bigarren (2:38:18) eta Ainhoa Usandizaga aiarrak hirugarren (2:42:42).

Usandizagak eta Markel Iruretagoienak lortu dituzte posturik onenak aiarren artean. Bikotekako lasterketan, Borja Aranzabek eta Oier Elorzak lortu dute garaipena (1:44:12).

Kirolariek nabarmendu dutenez, irristakor bilatu dute ibilbidea zati batzuetan, eta erorikoren batzuk egon dira. Garaipena lortu duen Pequeñok izan du eroriko horietako bat: "Bizikletan izan dut erorikoa, beheraka nindoala. Bukaera aldera lokatza zegoen, eta harriak zapaltzean, irrist egiteko arriskua egon da. Sustraiekin ere kontuz ibili behar izan dugu. Hala ere, gozatzeko moduko ibilbidea izan da. Lokatzak arrisku pixka bat jarri arren, dibertigarriagoa ere egin du lasterketa, eta kontentu gaude. Lasterketaren lehen edizioa dela kontuan izanik, antolakuntzak lan bikaina egin du, eta gustura goaz etxera". 

Emaitza guztiak kirolprobak.com webgunean jarri ditu ikusgai antolakuntzak.

 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!