Izeta VI.ak Izar Berriak aizkolari txapelketaren azken jardunaldia jokatuko du astelehenean

Mailo Oiarzabal 2021ko urr. 31a, 17:00

Sei bikote ari dira lehian. Basaurin jokatu zuten lehen jardunaldia joan den zapatuan; han lortutako denborak eta Azpeitikoak batuta erabakiko da azken sailkapena. Binakako Harrijasotze Txapelketaren eta Emakume Trontzalari Txapelketaren jardunaldiak ere jokoan izango dira azaroaren 1eko herri kirol jaialdian.

Herri kirol jaialdia hartuko du datorren astelehen eguerdian, Santu Guztien egunean, Izarraitz pilotalekuak. Aizkolariak, harrijasotzaileak zein trontzalariak lehiatuko dira 12:30ean hasiko den jaialdi horretan. Batetik, Izar Berriak aizkolari txapelketa berriaren bigarren eta azken jardunaldia jokatuko dute bertan; bestetik, Binakako Harrijasotze Txapelketaren eta Emakumeen Trontzalari Txapelketaren bigarren jardunaldiak ere jokoan izango dira.

Sei aizkolari bikote ari dira parte hartzen Izar Berriak txapelketan: Txomin Amundarain eta Ibai Soroa, Joxean Etxeberria eta Axel Larrañaga, Hodei Ezpeleta eta Andoni Iruretagoiena Izeta VI.a, Oier eta Xuban Kañamares, Julen Olano eta Julen Gabirondo, eta Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia Basozabal. Bi jardunaldik osatuko dute txapelketa eta Azpeitikoa izango da azkena eta erabakiorra. Izan ere, joan den zapatuan Basaurin (Bizkaia) jokatu zen lehen jardunaldiko denborak eta Azpeitian egiten dituztenak batuta erabakiko da bikote txapeldunaren izena.

Basaurin, lan hauek bete zituzten aizkolari bikoteek: 45 ontzako bi enbor moztu zituzten erlojuaren kontrako lanean, 65 ontzako enbor bakarra abiadura proban, eta sei kanaerdiko azken lan saioan, lan erdira. Basaurin, Amundarain eta Soroa izan ziren azkarrenak: hamalau minutu eta 58 segundo behar izan zituzten lan guztiak osatzeko. Suharri eta Basozabal (15'24''), Ezpeleta eta Izeta VI.a (16'10''), Olano eta Gabirondo (16'40''), Kañamares anaiak (17'05'') eta Etxeberria eta Larrañaga (19'20'') sailkatu ziren jarraian.

Azpeitian, lau modalitatetan lehiatuko dira bikoteak, eta 60 enbor ebakiko dituzte guztira.

Beste bi txapelketa

Binakako Harrijasotze eta Emakumeen Trontzalari txapelketen lehen jardunaldiak ere jokatu zituzten Basaurin, eta txapelketa horien bigarren jardunaldiak hartuko ditu astelehenean Izarraitz pilotalekuak.

Mikel Lopetegi Urra, Iñigo Eizagirre Eiza, Beñat Telleria eta Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a dira Azpeitian ariko diren lau harrijasotzaileak; 150 kiloko laukizuzena, 125 kiloko kopa, 113 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola altxatu beharko dituzte, txanda ezberdinetan.

Emakumeen Trontzalari Txapelketan lehiatuko direnen izenik ez dute eman oraingoz antolatzaileek.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!