Oier Aranzabalen 'Barruan gaude' podcasta, Rikardo Arregi sarietako finalisten artean

Maria Maya Manterola 2021ko aza. 6a, 10:00

Komunikazio Sariko lau finalisten artean da Aranzabalen Barruan gaude podcasta. Hilaren 19an egingo dute sariak banatzeko ekitaldia, Andoainen. 

Rikardo Arregi sarietako finalisten berri eman dute dagoeneko, eta horien artean da Oier Aranzabal zarauztarraren Barruan gaude podcasta. Komunikazio Sarietarako hautatu dute, hain zuzen. Zuzeu podcast-en hasi zuen bere ibilbidea, eta gaur egun EITBk argitaratzen du Aranzabalen eskutik elkarrizketa intimoak eskaintzen dituen podcasta. Aranzabalen lanarekin batera, kategoria horretako finalista dira Basilika podcast taldea, 3000 Twitz kolektiboa eta Pantailak Euskaraz egitasmoa. 

Kazetaritza Sariko kategorirako, berriz, honakoak izango dira lehian: Berriaren Ahomentan elkarrizketa seriea, hedabide bereko Mundua saileko Leku-lekutan atala, Beñat Zaldua kazetariak Gara egunkarian idatzitako Nola iritsi gara honaino seriea eta Euskadi Irratiak Zaballako espetxean egindako Faktoria saioa.

Itxaro Borda eta Aingeru Epaltza idazleek eta Maite Goñi, Ion Muñoa eta Jon Sarasua irakasleek osatu dute epaimahaia. Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 19an izango da, Andoainen. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!