Aiako I. Pala Txapelketa Mistoa iritsi da azken hondarrera

Aitziber Arzallus 2022ko urt. 5a, 11:58

Ostiral arratsaldean jokatuko dituzte final erdiak, eta larunbat arratsaldean, finalak. Denera 23 bikotek parte hartu dute txapelketan eta "oso balorazio ona" egin dute antolatzaileek.

Aiako I. Pala Txapelketa Mistoa sartu da azken txanpan. Ostiral arratsaldean, 18:00etan hasita, jokatuko dituzte final erdietako lau partidak, eta larunbatean, 18:30ean hasita, finalak; guztiak ere Aiako pilotalekuan. Aurrena gaztetxoak ariko dira, hamalau urtez azpikoak; eta jarraian, helduak; bi kategoriatan jokatu baitute txapelketa. Partidak bukatu ostean, sari banaketa egingo dute, eta dena bukatzeko, hainbat opari zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean.

Aiako Kirol Elkartea izan da txapelketa antolatu duena, aurten lehendabiziko aldiz, eta "oso balorazio positiboa" egiten dutela adierazi du Garazi Eizmendik, antolakuntzan ibili den kideetako batek. Batez ere, izan den parte hartze zabala nabarmendu du. Izan ere, gaztetxoen kategorian bederatzi bikotek parte hartu dute, eta helduenean, hamalauk. "Txapelketan zehar izan dira positiboek eragindako baja batzuk, horixe izan da pena bakarra, baina hau antolatzen hasi ginenean ez genuen uste horrenbeste jendek izena emango  zuenik". Gainera, aiarrak izan dira parte hartu duten ia guztiak. "Txapelketan parte hartzeko baldintzetako bat zen gutxienez bikotekideetako bat herrian erroldatuta egotea, baina kasurik gehienetan bikoteko bi kideak izan dira aiarrak".

Txapelketaren aitzakian, palaz jokatzen oso gutxi ibilitakoak ere animatu direla esan du Eizmendik. "Udan antolatu ohi dugun pala txapelketan alde batetik mutilek eta bestetik neskek jokatzen dute, eta mutiletan askoz parte hartze handiagoa izan ohi da. Oraingoan, ordea, bikoteek mistoak behar zutenez, sekula baino neska gehiagok parte hartu dute, eta hori oso pozgarria da".

Sailkapen partidak bost egunetan jokatu dituzte, eta horien bueltan sortu den giroari ere egin dio azpimarra Eizmendik: "Egoera dela-eta herrian ia ez da beste ezer egon Gabonetako egunetan, eta pala txapelketaren aitzakian, saltsa polita sortu da". 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!