Aiako Udalak ia 2,5 milioi euroko aurrekontua izango du aurten

Aitziber Arzallus 2022ko urt. 14a, 14:30

EAJren eta EH Bilduren babesa dute aurrekontuek. 270.000 euro inbertsioetara bideratzea adostu dute, eta inbertsiorik handiena Urdanetan egingo dute.

Aiako Udalak ia 2,5 milioi euroko aurrekontua izango du aurtengo gastuei eta inbertsioei aurre egiteko; zehazki, 2.438.880 eurokoa, iazkoa baino %3,2 txikiagoa. Aiako Udalbatzak abenduko ohiko osoko bilkuran eman zien hasierako onespena aurrekontuei, EH Bilduren aldeko botoekin. Behin jende aurrean egin beharreko epea pasatuta, eta inork helegiterik aurkeztu ez duenez, behin betiko onartuta gelditu dira aurrekontuak, eta indarrean dira dagoeneko.

Nekane Arrizabalaga alkateak bi gauza nabarmendu ditu aurtengo aurrekontuen inguruan;  batetik, udalbatzarrak aho batez onartutakoak direla, eta horrenbestez, EAJren babesa ez ezik, EH Bildurena ere badutela; eta bestetik, pandemiak eragindako salbuespen egoeraren osteko aurreneko aurrekontuak direla. "Egoerak hala behartuta, pandemiak eragindako ondorioak arintzera bideratutako aurrekontuak izan ziren iazkoak, eta ondorioz, beste hainbat proiektuk zain gelditu behar izan zuten. Aurtengoa, ordea, proiektu horiei eta beste batzuei heltzeko urtea izango da".

Inbertsio garrantzitsuak aurreikusten ditu Aiako Udalak, eta horretarako 270.003 euroko diru saila gorde du. Inbertsio horietako gehienak auzoetan egingo dituztela azaldu du alkateak, eta bat nabarmentzekotan, Urdaneta auzoan egingo dutena aipatu du. Horretara bideratuko dute inbertsiotarako duten kopururik handiena: 100.000 euro. Diru hori Aiako Udala Urdanetako auzotarrekin elkarlanean garatzen ari diren proiektu bat gauzatzeko erabiliko dutela azaldu du Arrizabalagak. "Auzoa dinamizatzeko helburuarekin, auzo elkartea sortu dute, eta ikusi dute jarduerak-eta antolatzeko beharrezkoa dutela auzoan gune bat izatea. Eskaera hori egin zigun elkarteak, eta Aiako Udalak han eraikin bat baduenez, hori atontzea hitzartu dugu, auzotarrek erabil dezaten".

Horrez gain, eta urteroko moduan, baserri bide eta azpiegituretara 70.000 euro bideratzea aurreikusten du udalak; eta beste 50.000 euro, landa eremuaren digitalizazioa bultzatzera. Azken hori hiru bat urteko proiektua izango dela esan du alkateak, eta aurten jarriko dutela martxan. Auzoetan hainbat inbertsio egiteko 50.000 euroko beste partida bat ere jaso dute. 

2022ko aurrekontuetan jasotako partida batzuk

  • Gizarte laguntzak: 198.798 euro.
  • Kirola: 94.143 euro.
  • Landa garapena: 281.401 euro.
  • Turismoa: 44.281 euro.
  • Herri jaiak eta ospakizunak: 173.500 euro.
  • Enpleguaren  sustapena: 62.898 euro.
  • Gobernu organoak: 101.845 euro.
  • Administrazio orokorra: 574.438 euro.
  • Udalaren aurrekontua, guztira: 2.438.880 euro. 

Aurreikusitako inbertsio garrantzitsuenak

  • Baserri bide eta azpiegiturak: 70.000 euro.
  • Landa eremuaren digitalizazioa: 50.000 euro.
  • Urdaneta auzo-etxea izango denaren behe solairua berrantolaketa lanak: 100.000 euro.
  • Auzoetan hainbat inbertsio: 50.000 euro.

Aurten indarrean egongo diren udal zerga eta tasa berriak

  • Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen Zergan hobariak: ibilgailu elektrikoek %75eko hobaria jasoko dute zergan, eta hibridoek %50ekoa.
  • Errautsak jasotzeko gunea erabiltzea: 41 euro.
  • Txakur arriskutsuen prozedura: 60 euro.
  • Dema plaza erabiltzea (estalkia kentzea eta jartzea): 700 euro. 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!