Eztabaidaren aurrean, "familia nekazaritza jasangarria" defendatu dute Jaurlaritzak eta euskal nekazal-abeltzainek

Mireia Galarza Bastida 2022ko urt. 15a, 09:32

Ostegunean egin zuten agerraldia Aiako Agerresoro Haundi baserrian, ENBA, EHNE, UAGA eta Urkaikoko ordezkariekin batera. "Kontsumitzaileen konplizitatea" ere ezinbestekotzat jo zuen Tapiak nekazaritza eta abeltzaintza jasangarriaren arloan. 

Haragiaren inguruan berriki sortu den eztabaidaren harira, Eusko Jaurlaritzak, ENBA, EHNE, UAGA eta Urkaikoko ordezkariekin batera, agerraldia egin zuen ostegunean Aiako Agerresoro Haundi baserrian "Araba, Bizkai eta Gipuzkoako nekazaritzaren eta abeltzaintzaren jasangarritasuna defendatzeko". 

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren hitzetan, gure lurrek "familia nekazaritza eredu zehatza" dute, eskala txikikoa eta ertainekoa, eta eredu horrek eusten dio landa inguruari, "kanpo merkatuaren presioak eragin nabarmena" badu ere. 

Zentzu horretan, Tapiak nekazaritzako eta abeltzaintzako eredu errentagarri eta erakargarriari eutsi behar zaiola azpimarratu zuen, eta horren aldeko "apustua egin". 

Izan ere, sailburuaren arabera, "Euskadin ez dago makrogranjarik", eta hemengo eredua egungo eztabaida sozialean eta politikoan zalantza jarritako ustiategiek dakartenetik "oso urrun" dago. Gainera, bere hitzetan, hemengo nekazaritza beti oinarritu izan da lau premisatan: "kalitatea, produktuaren trazabilitatea, ingurumenaren zaintza eta animalien ongizatea". Kalitatearen adibide bezala jarri zituen Eusko Label, Ekolurra, Jatorri Deiturak eta Adierazpen Geografiko Babestuak. 

Era berean, "kontsumitzaileen konplizitatea" ezinbestekotzat jo zuen Tapiak, eta familia nekazaritzak errentagarria eta erakargarria izaten jarraituko badu, kontsumitzaileen aldetik "babesa eta konpromisoa" erakustea ere beharrezkoa izango dela azpimarratu zuen. 

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!