Xabier Etxeberria, Mikel Antzari babesa adierazi dioten idazleen artean

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urt. 19a, 10:30

Ehundik gora euskal idazle eta editorek 'Eman bakea' adierazpena egin dute, idazle eta preso ohiaren auzipetzearen aurka. Sinatzaileen artean da Xabier Etxeberria Aiako bizilaguna.

Hainbat euskal idazle eta editorek agerraldia egin dute gaur goizean Donostiako Bulebarreko kioskoaren aurrean, Mikel Albisu Antza idazle eta preso ohi donostiarrari babesa adierazteko. Espainiako Auzitegiak abenduan auzipetu zuen Albisu, Gregorio Ordoñezen hilketaren harira, eta, hain justu ere, salaketa horren aurkako Eman bakea adierazpena irakurri dute.

“Mikel Antzak 20 urteko kondena betea dauka Frantzian. Orain, Espainian berriro ere zigortu nahi dute, Frantzian bete duen zigorraren arrazoi berdintsuengatik, inolako froga materialik gabe. Euskal Herrian askatasuna eta bakea behar dugu. Ia hiru urte dira Mikel gure artean dagoela, bere sorkuntza libreki eskainiz. Idazki hau sinatzen dugunok geure artean jarrai dezan nahi dugu”, azpimarratu dute.

Adierazpena gaur publiko egin dutenean, 124 idazle eta editorek zuten izenpetuta; horien artean, hainbat ziren eskualdekoak: Alex Gurrutxaga, Andoni Egaña, Aritz Mutiozabal, Asier Serrano, Ekhine Eizagirre, Erika Olaizola, Gorka Arrese, Imanol Epelde, Imanol Murua Uria, Iñaki Segurola, Iñigo Aranbarri, Jon Benito, Jose Luis Otamendi, Juan Luis Zabala, Julen Belamuno, Leire Lopez Ziluaga, Martin Etxeberria, Pako Aristi, Uxue Alberdi, Xabi Borda, Xabier Etxeberria eta Yoseba Peña. Adierazpena sinatu dutenen zerrenda gaurkotua Amarauna webgunean dago ikusgai.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!