Jardueraz betetako Aste Santua espero dute Iturraran Parketxean

Aitziber Arzallus 2022ko api. 13a, 14:57

Ostiralean eta igandean erleez zertxobait gehiago ikasteko aukera izango da, Galdutako erlearen bila orientazio jolasaren bidez; eta bihartik astelehenera, Agorregiko burdinolara eta errotetara bisita gidatuak egiteko aukera egongo da. Jardueretan parte hartzeko beharrezkoa izango da aurrez izena ematea, 943-83 53 89 telefono zenbakira deituta edo iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita.

Aste Santuko egunetarako eta hurrengo asteburuetarako jarduera ugari antolatu dituzte Iturraran Parketxean. Ostiralean eta igandean erleez zertxobait gehiago ikasteko aukera izango da, Galdutako erlearen bila orientazio jolasaren bidez. Parte hartzaileek, talde txikitan banatuta eta mapa baten laguntzaz, lorategi botanikoan barrena lorez lore ibili beharko dute. Horrez gain, erlategira joan, erlauntza bat ireki, eta erleek lana nola egiten duten bertatik bertara ikusi ahal izango dute.

Antolatzaileen esanetan, erleak ezinbestekoak dira ekosistemetan, eta parketxean gauzatuko duten jardueraren helburua da animalia horietaz gehiago ikastea, "ezagutu ahala zaintzen dugulako gure ingurunea". Parte hartzen duten guztiek etxera oparitxo bat emango dutela ere aurreratu dute.

Jardueraren inguruko informazio gehiago behar duenak zein parte hartzeko izena eman nahi duenak 943-83 53 89 telefono zenbakira dei dezake, edo iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi. Bestela, online erreserba sistemaren bidez ere eman daiteke izena, lotura honetan.

Jarduera euskaraz nahiz gaztelaniaz egiteko aukera egongo da: euskaraz 10:15etan hasita, eta gaztelaniaz 11:00etan hasita. Helduek sei euro ordaindu beharko dute, eta 3 eta 12 urte arteko haur eta gaztetxoek, lau euro.

Agorregiko burdinolara eta errotetara bisita gidatuak

Iturraran Parketxetik gertu dauden Agorregiko burdinola eta errotak gida baten laguntzaz bisitatzeko eta funtzionamenduan ikusteko aukera ere izango da egunotan. Martxoaz geroztik, igande eta jaiegun guztietan eskaintzen dute aukera hori, eta bihartik astelehenera, jaiegunak izanik, egunero izango da aukera. 

Bisita euskaraz nahiz gaztelaniaz egiteko aukera egongo da: euskaraz 11:15ean hasita, eta gaztelaniaz 12:00etan hasita. Bisita gidatu batean parte hartzeko, 943-83 53 89 telefono zenbakira dei dezake, edo iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi. Bestela, online erreserba sistemaren bidez ere eman daiteke izena, lotura honetan.

Apirilaren 23an eta 24an, Landare Berezien Azoka

Aste Santua pasa eta hurrengo asteburuan, Iturraran Parketxeko urteko hitzordurik garrantzitsuena izango da: Landare Berezien Azoka. Entzute handiko azoka da Iturrarangoa, ez baita ohiko landare azoka bat izaten, eta 18. edizio honetan ere, bere izateari eutsi egingo dio. Kontinente guztietako landareak eta loreak bertatik bertara ikusteko eta erosteko aukera izango dute bertaratzen diren herritarrek. 

Antolatzaileek aurreratu dutenez, Frantziako, Espainiako eta Euskal Herriko 47 mintegik dagoeneko baieztatu dute aurtengo azokan parte hartuko dutela. Azokan herritar gehienentzat guztiz ezezagunak diren landare asko egongo den arren, lorategietan edo etxeko leihoetan jartzeko moduko loreak eta landareak ere egongo dira.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!