Aiako Udalak aurrez aurreko zerbitzua jarriko du sendabelarren inguruko informazioa biltzeko

Iñigo Gaiton 2022ko mai. 5a, 08:58

Aiarrek sendabelarren inguruan dakitena bildu nahi du udalak, liburuxka bat plazaratzeko. Informazio bilketa hori errazteko xedearekin, aurrez aurreko zerbitzua jarriko dute maiatzaren 9tik 13ra eta 16tik 20ra.

Sendabelarren inguruko egitasmo berri bat abiatu zuen Aiako Udalak apiril hasieran, eta herritarrei kolaborazioa eskatu zien. Izan ere, udalaren iritziz, gaur egun galtzear da "belaunaldi belaunaldi sendabelarren inguruan pilatutako jakituria, ondare immaterial garrantzitsu bat, belaunaldien arteko zubia eten egin delako".

Ezagutza hori guztia "erabat" desagertu aurretik, proiektuan parte hartzera deitu dituzte aiarrak, herri mailako dokumentazio lan bat egiteko.

Orain arte, parte hartzeko modu bakarra egon da: orri batean idatzi behar da sendabelarraren izena, landarea zertarako eta nola erabiltzen den zehaztuz. Horrez gain, datu pertsonalak (izen abizenak eta telefonoa) ere bai, udala haiekin harremanetan jar dadin. Informazio hori guztia duen orria Goiz-argiren lokalaren kanpoaldeko buzoian sartu behar da.

Hemendik aurrera, aurrez aurreko zerbitzua ere jarriko dute martxan, herritar batzuentzat errazagoa izan dadin sendabelarren inguruko informazioa ematea. Hala, maiatzaren 9tik 13ra eta 16tik 20ra aukera egongo da kultur etxera hurreratu eta informazioa emateko, 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Telefono bat ere jarri dute kolaboratzaileen eskura: 650891573.

 

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!