Intza Iturainentzat eta Kimetz Atorrasagastirentzat izan da alebinen mailako Eskolarteko Pala Txapelketa

Aitziber Arzallus 2022ko mai. 9a, 13:20
Larunbateko jaialdian parte hartu zuten pilotari guztiak. Aiarrak, berdez. (Utzitakoa)

Alebinen mailako finala hiru partidatara jokatu zuten, eta aiarrek hirurak irabazi zituzten. Infantilen mailako finalean, berriz, Altzoko pilotariak hobeak izan ziren Lizardi-Igeldokoak baino.

Larunbat arratsaldean alebin eta infantil mailetako Eskolarteko Pala Txapelketaren finalak jokatu zituzten Aiako pilotalekuan. Alebinen mailakoan, Intza Iturain eta Kimetz Atorrasagasti aiarrek Altzoko pilotariak izan zituzten aurrez aurre, eta etxekoek ez zuten barkatu. Infantilen mailako finala, berriz, Altzoko eta Lizardi-Igeldoko pilotarien artekoa izan zen, eta hori Altzokoentzat izan zen.

Alebinen mailan, hiru partidatara jokatu zuten finala: aurrena, banakako bi partida jokatu zituzten; eta gero, binakakoa. Hirutik bi irabaztea nahikoa zen txapela janzteko, baina aiarrek hirutik hiru irabazi zituzten. Atorrasagastik 10 eta 4 irabazi zuen banakakoa; Iturainek 10 eta 8; eta finala borobiltzeko, 15 eta 8 nagusitu ziren binakakoan.

Infantil mailako finalean, berriz, Altzoko bikoteak lortu zuen garaipena Lizardi-Igeldoren aurka, 25 eta 7ko emaitzarekin.

KARKARAk zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Orain arte bezala, kalitatezko eduki libreak eskaini nahi dizkizugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, eta zure eskubidea. Izan zaitez KARKARAko laguntzaile, urtean 40 euro besterik ez dira!


Izan zaitez KARKARAko laguntzaile!